Datorren urtean udal zerga eta tasek ez dute igoerarik izango.

2012/10/29
Arau orokor horretatik kanpo geratuko dira besteak beste, hutsik dauden etxebizitzen hiri ondasun higiezinen zerga, kultura eta kiroldegiko ikastaroen prezioak edota, Kalegoiena eta Zubikoako lurrazpiko aparkaleku publikoen tasak.

  Ostegunean egin zen Ez-ohiko Osoko Bilkuran, 2013ko udal ordenantza fiskalak onartu ziren Bilduko ordezkarien aldeko botoarekin eta jeltzaleen kontrakoarekin. Jeltzaleek, udal zerga eta tasak, KPIren maila berean, %2,4 garestitzea eskatu zuten baina azkenean, gobernu taldeak eramandako proposamena onartu zen, hau da, ordenantza fiskalak bere horretan, igoerarik gabe mantentzea. Igoerarik gabe, orokorrean, zenbait kasutan ez baita arau orokor hori beteko eta justu gai horiek eragin zuten eztabaidarik handiena azken osoko bilkuran.

  Inor erroldaturik ez dauden etxebizitzen Hiri Ondasun Higiezinen Zerga %100 igotzea onartu zen, hau da, aurtengo ordain kopurua bikoiztea onartu zen. Neurri honekin, hutsik dauden etxebizitzak alokairu-merkatura atera nahi dira edota alokatuta daudenak erregulatu. Hainbat salbuespen egingo dira: eraikuntza-promotoreek saltzeko dituztenei, zahar etxean bizi edo menpekotasunagatik beste etxe batera joan beharra izan dutenei, hutsik dauden baserriei edota babes ofizialekoa izaki oraindik bertara joateko epea bete ez denei ez zaie aplikatuko IBIaren %100aren errekargu hori.

  EAJk, inor erroldatu gabeko etxebizitzen hiri ondasun higiezinen zerga %50a igotzea proposatu zuen. Salbuespenen kasuan, gobernu taldeak eurek eskatutako hainbat proposamen onartu arren, halakoek herrien arteko desoreka sortzeko arriskua dagoela azpimarratu zuen.

  Gobernu eta oposizioaren arteko eztabaida sortu zuen beste gai bat, kultura departamentuak antolatzen dituen ikastaroen eta berziki kiroldegiko jardueren prezioen igoera izan zen. BEZaren igoera dela eta, udalak zerbitzua eskaintzen duten enpresei ordaindu beharreko gehigarri hori  ikastaro tasetara eramatea proposatu zen. EAJk, kasuan-kasuan izango diren %8-10-13ko igoerak larregikoak direla esan zuen eta krisiak eragindako karga herritarrengan ez areagotzeko Bilduk emandako argumentuarekiko kontraesanean dagoela adierazi zuen. Ikastaroen tasak, KPIaren maila berean eta ez gehiago igotzea proposatu zuten jeltzaleek. Baina Bilduk ez zuen atzera egin, eta proposamenari eutsi zion.

  Lurrazpiko aparkaleku publikoei dagokienean, berriz, Kalegoiena eta Zubikoakoak prezio ezberdina izango dute datorren urtetik aurrera. Kiroldegikoan doan aparkatzeko epea, 30 minututik 2 ordutara zabaltzea erabaki zen. Hori bai, hortik aurrera, 5 zentimo ordainduko da minutuko. Kalegoienan, aldiz, orain arte bezala, lehen 30 minutuak doan izango dira eta ondoren, 2 zentimo minutuko ordaindu beharko da. Hala, 3 orduko egonaldian bi aparkaleku publikoetako tarifa parekatu egiten dira eta batean zein bestean, 3 euro ordaindu beharko dira.

  Jeltzaleek, esan bezala, ez zuten egokitzat jo aparkaleku publikoei tratamendu ezberdina ematea eta tarifak bietan parean mantentzea eskatu zuten. BILDUren izenean alkateak esan zuen bi aparkalekuak dauden inguruak berak ezberdintzen dituela. Zubikoakoak, ikastola, kiroldegia, anbulatorioa eta herriko plaza dituelako inguruan eta horrek, herritar asko joan etorrian ibiltzea eragiten duela. Plaza ondoko aparkalekua kenduta, kiroldegikoari tratamendu berezia ematea egokia dela uste du gobernu taldeak. Eta bide horretan egin zuten aipatu ordenantza proposamena.

  Egun doan den kiroldegiko lurrazpiko aparkalekuak tarifa bereziak izango ditu urte berria hastearekin batera. Lehen bi ordutan, doan izango da eta ondoren, minutuko 5 zentimo ordaindu beharko dira.
Hori esan bezala, urte berria hastearekin batera. Ostegunean onartu ziren 2013ko ordenantza fiskalak orain publikatu eta jendeagirian jarriko direlako eta kontrakorik ez badago, urtarrilaren lehenean indarrean sartuko baitira.

  Dagoeneko aipatu ditugunez gain, esan, datorren urtean, Jarduera ekonomikoen gaineko zergaren kobrantza zabaldu egingo dela, orain arte 2 milioi eurotik gora fakturatzen duten enpresek bakarrik ordaintzen badute ere, datorren urtean, gutxieneko fakturazio hori milioi bat eurotara jaitsiko da.
Ekintzaile berriak laguntze aldera bestalde, establezimenduen irekitze lizentzia eskuratzeagatik ordaindu behar den tasa %30 jaitsiko da merkataritza, zerbitzu eta industri jarduerari dagokionean.
Euskaltegiari dagokionez, langabezian egon eta subsidiorik ez dutenek tasak salbuetsita izango dituzte, subsidioa kobratzen dutenei berriz, prezio sinboliko bat kobratuko zaie.

  Tasa berriak ere sortu dira: kutxazain automatikoek bide publikoa okupatzen duten kasuetan, 350 euroko okupazio tasa ordaindu beharko da kutxazain bakoitzeko. Hilerrian, gorpuzkinak lekuz aldatzeagatiko tasa berria sortu da, baita, gaztelekuko tailer gelaren lagapenagatik edota, hirigintza zerbitzuan hainbat informazio eskaeren kasuan ere. Baserriak konpontzeko lanei aplikatu ohi zaien hobaritze sistema aldatzea ere onartu zen azken osoko bilkuran. 

  2013ko udal ordenantza fiskalak, datozen egunonetan Gipuzkoako Aldizkari ofizialean argitaratuko dira.  

Iturria: Oñati irratia