Oñatiko udala

Covid-aren txertaketarako Kiroldegia eta Gaztelekua erabiltzea eskaini dio udalak Osakidetzari

2021/03/23
Card image cap
Gaztelekua txertaketa gune gisa eskaini da
Eskaintza jakinarazteko gutuna bidali du alkateak Eusko Jaurlaritzara

  Udalak Osakidetzaren esku jarri ditu herriko bi eraikin publiko Covid-19ari aurre egiteko txertoak jarri ahal izateko. Zubikoa kiroldegia eta Gaztelekuaren erabilera eskaini ditu baina beharraren arabera beste guneren bat aproposagoa litzatekeela ikusiz gero, aukera aztertzeko modua legokeela zehaztu du Izaro Elorzak Jaurlaritzara igorri duen gutunean.

  Osakidetzak oraingoz ez du aurreikusi halako txertaketa masiborik herrietan, hiriburuetan bai; Donostian esaterako Ilunbe erabiltzen ari dira eta astean Reale Arena irekiko ei da. Oñatin ere, beharrezkoa balitz, udal eraikinak erabilgarri izango liratekeela jakinarazi zaio Eusko Jaurlaritzari.

  Oñatiko alkateak egin duenaren antzera EH Bilduko alkatetza duten beste 83 herritako ordezkariek ere beste horrenbeste egin dute, alegia, Osakidetzaren esku jarri dituzte udalerrietako eraikin publikoak, covid-19aren aurkako txertaketa-kanpaina ahalik eta arinena, eraginkorrena eta seguruena izan dadin.

  Txertaketa programazioan lehentasuna duten lanbideetako kolektiboak izan ezik, edota egoitzetan txertatu zituzten San Martin eta komunitate erlijiosoetako nagusiak izan ezik, herritar arruntak anbulatorioan ari dira txertatzen Oñatin. Bai behintzat bertaraino beren kabuz joateko gai direnak. Azken asteetan 80-90 urte bitartekoei ari zaizkie txertoa hartzeko hitzorduak ematen.

  Bitartean, bihar ekingo zaio berriro Astra Zenecaren txertoa jartzeari Euskal Autonomia Erkidegoan, eta 65 urte artekoei emango diete, adin tartea zabaltzeko erabakia hartu ondoren. Txertaketa gizarte osora zabalduko da datorren astetik aurrera baina adinaren arabera egingo da, orain arte bezala, Gotzone Sagardui Osasun Sailburuak esan duenez. Pfizer etxeko txertoa 65 urtetik gorakoei jartzen jarraituko dute eta gainontzekoei Astra Zeneca. Txerto horretarako lehen hitzorduak 65 urteko pertsonei eskainiko zaizkie, datorren astetik aurrera.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!