CECA Oñati taldeak Francisco Esnal Parrokiako organujoleari eskainitako seilu berria argitaratuko du

2016/04/25
Seiluak, turismo bulegoan jarriko dira salgai

  CECA Oñati filatelia eta numismatika elkarteak, herrian urteurren edo ospakizun bereziren bat betetzen denean omenaldi seiluak egiteko ohitura du. Eta halaxe egingo du orain 100 urte hil zen  Francisco Esnal apaiza eta  organujolea gogora ekarrita.

  Francisco Esnal Oñatiko parrokiako organujolea izan zen eta 1895ean, gaur egun parrokiako koroa dena sortu zuen. Jaiotzez donostiarra zen arren  bere zeregin nagusi eta ugarienak Oñatin bete zituen. Konposagile gisa sortutako musika-lan asko galduta dauden arren, pare bat bizirik mantentzen dira gurean, Arantzazuko Ama Birjinaren Salbea, urtero Errosarixo egunaren bezperan kantatzen dena eta Santa Zezilia egunez abesten den Cantantibus.

  Francisco Esnal 1868an jaio zen eta orain 100 urte, 1916ko maiatzaren 6an hil zen. Heriotzaren lehen mendeurren hori gogoan hartuta, CECA Oñati taldeak Esnalen figura eta herriari egin zion ekarpena gogora ekarri nahi izan du seilu bat argitaratuz. Aurretik egin diren antzerako argitalpenetan bezala, seiluaren lau pliegu egingo dituzte, 100 seilu guztira eta laurdena edo turismo bulegoan salgai jartzeko asmoa dute.

  CECA Oñatik, seilu argitalpen mugatuak egiteko ohitura hartu du azken urteotan. 2007an Aita Madinari eskainitakoa atera zuten, 2010ean, Bidaurretako Monasterioari eta Borjako San Frantziskori eta iaz esaterako, Demetrio Iriarte eta Jose Mari Arizmendiarrietari.

Iturria: Oñati Irratia