CaixaBankek furgoneta berria oparitu dio Elkarzabal elkarteari

2020/05/27
La Caixaren Gizarte Ekintzak Oñatiko elkarte baten alde egin duen diru ekarpen handiena da

  FIAT markako Doblo furgoneta oparitu dio CaixaBankek Elkarzabal elkarteari. Ortuko produktu eta lanabesen garraiorako erabiliko du Elkarzabalek ibilgailu berria, baita zapatuko azokara salgaiak eramateko ere. Halako beharretarako beste ibilgailu bat bazuten baina nahikoa hondatuta nonbait, beraz, ezin baino hobeto datorkie La Caixaren Gizarte Ekintzak egindako dohaintza.

  Ez da lehen aldia Caixaren Gizarte Ekintzak Oñatiko elkarte edo programa jakin bati ekarpen ekonomikoa egiten diola. Erakundeak egoitza duen herri bakoitzean banatzeko diru fondo bat dauka eta gizarte arloan diharduten elkarteei laguntzeko lankidetza kontzeptuan ematen du. Hala, aurrez, Trauti elkartarekin edo 55 urtez gorako herritarrei zuzendutako Bizipoz programarekin elkarlanean aritu dira. Oraingoan, dena den, diru ekarpena handiagoa izan da furgoneta oparitu baitio Elkarzabal elkarteari.

  Elkarzabal Caritasetik sortu zen laneratze eta integratze proiektua da. Erabiltzaile moduan Caritasera hurbiltzen diren hainbat gizon eta emakume ortugintzan trebatu eta lanpostu duin bat lortzeko bidean jartzea da helburua.

  Elkarzabaleko kideak oso eskertuta agertu ziren atzo furgoneta berriaren giltzak CaixaBankeko Oñatiko bulegoko arduradunaren eskutik jaso zituztenean, eta ordainetan, beraien ortuan landutako hainbat produktuz osatutako otar bana oparitu zieten bulegoko langileei.    

Iturria: Oñati Irratia