Botikak ordaintzeko Jaurlaritzak emango dituen diru laguntzetarako eskaera orriak anbulatorioan eskuratu daitezke.

2014/01/03
Herritarrak hasi dira jada eskaera orriak jasotzen. Behin beteta, osasun etxean bertan utzi daitezke

  Urte zahar egunean argitaratu zen Eusko Jaurlaritzak emango dituen diru laguntza hauen deialdi eta araudia. Urtea hastearekin batera jada, diru laguntzak eskatu daitezke.

  Diru laguntza hauek, diru baliabide gutxi dituzten herritarrei zuzenduta daude, botikak eskuratzeko arazorik izan ez dezaten. Laguntza eskatzeko aukera izango dute urtean 18.000 euro baino gutxiagoko sarrerak dituzten pentsiodunek, langabezia laguntzarik eta diru sarrerak bermatzeko errentarik jasotzen ez duten langabeek eta egoera irregularrean egonik ere, urtebeteko errolda duten atzerritarrek.

  Helburua, baliabide gutxien dutenek botikak eskuratzeko zailtasunik ez izatea eta mediku tratamendua mantentzea da. Neurriak atzera begirako eragina izango du. Eta onuradunek iazko uztailaren 1etik gurean ezarri zen botiken koordainketan erabilitako dirua eskatzeko bidea izango dute. 2014an, bi eskaera epe izango dira: ekainaren 10a artekoa lehena eta abenduaren 10a artekoa bigarrena.

  Eskaerak egiteko ere bi eskabide mota daude: erraztua eta ohikoa. Baldintzak betez gero, erraztua egiteko aholkatu dute; datu pertsonalak eta diru sarrera egiteko kontu korrontea baino ez delako behar horretarako. Ohiko eskabidean botikak erosi izanaren agiriak aurkeztu beharko dira.

Eskaera orriak, herrian, osasun etxean bertan eskuratu daitezke eta esan digutenez, lehenengo herritarrak pasa dira orrien bila. Behin beteta, anbulatorioan ere utzi daitezke.

  Eusko Jaurlaritzak hemezortzi milioi euroko diru partida berezitu du  aurrekontuetan laguntza hauetarako baina beharraren arabera handitu  daiteke.

Iturria: Oñati irratia