Bost oñatiarrek parte hartuko dute Gipuzkoako Eskolarteko bat-bateko Txapelketan

2016/02/05
Card image cap
Bertso eskolako beste sei gaztetxo, idatzizko sariketan arituko dira

  Datorren astean Legazpin abiatuko da Gipuzkoako 36. Eskolarteko Txapelketa. Azken urteotako bideari jarraituz, Eskolartekoaren barruan hiru ekimen biltzen dira: idatzizko sariketa eta saio didaktikoak eta bat-bateko txapelketa.
Idatzizko sariketan Oñatiko bertso eskolatik 6 bat ikasle joango dira eta horiei, Txantxiku ikastolatik joan ohi den beste autobuskada bat batu behar zaio. Guztiek zita datorren ostiral arratsaldean Legazpiko Haztegi ikastolan  dute. Ordubetean egin beharreko lana, emandako gaiari bertsoak jartzea izango da. Ondoren, aurrez prestatutako bapatekoa Latxartegi aretoan egingo da.

  Bat-bateko txapelketa berriz, ilunkaran jokatuko da. Muruazpi elkartean eta bertso afari giroan 15-18 urte bitarteko sei bertsolari lehiatuko dira, tartean, Gontzal Belategi eta Bittor Zubiagirre oñatiarrak. Baina ez dira Gipuzkoako Eskolartekoan  arituko diren herritar bakarrak, martxoaren 11an eta Aretxabaletako Murualde elkartean, Aritz Irigoien eta Aitor Tatiegi arituko dira eta martxoren 17an Azkoitiko Iraurgi elkartean, Urko Arregi. Belategi eta Arregirentzat hirugarren eskolartekoa izango da, Zubiagirre, Irigoien eta Tatiegirentzat lehenengoa.

  Bat-bateko txapelketan 31 bertsolari gaztek parte hartuko dute aurten eta puntuaziorik altuena lortutako zortziak sailkatuko dira apirilaren 17an Eibarren jokatuko den finalerako.

   2014an  Maider Arregi oñatiarra izan zen Gipuzkoa eta Euskal Herriko eskolarteko txapelduna.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!