Bost langabetu aldi baterako kontratatzeko deialdia egin du udalak Lanbideren bitartez

2020/10/27
Card image cap
Udal brigadarako eta kale garbiketa zerbitzurako bina pioi eta kontu-hartzailetzarako administrari bat kontratatu nahi dira

  Lan eskaintza hauek Lanbideren enplegua sustatzeko toki ekintzetarako deialdian jaso dira. Oñatiko udalak bost pertsona kontratatuko ditu jardun osoz: udal brigadarako eta kale garbiketa zerbitzurako bina pioi, lau hilabeterako, eta udaleko kontu-hartzailetza departamentuan arituko den administrari bat, hiru hilabeterako. Kontratazio horiek gauzatu ahal izateko Lanbideren dirulaguntza jasoko du Udalak.

  Bost lanpostutarako deialdiak atzo argitaratu ziren Lanbideren orrian, izen-ematea irekiz. Izen-ematea, Lanbideren web atari horretatik egin behar da, azaroaren 2a bitartean. Kasu guztietan bete beharreko oinarrizko baldintzak hiru dira: Oñatin erroldatuta egotea, langabezian egon eta Lanbiden izena emana izatea da.

  Konponketa eta mantenu lanak egiteko pioi lanposturako antzerako lanetan lan esperientzia izatea eskatzen da. Gainera, euskara ezagutza ertaina izatea baloratuko da. Bi lanpostu hauetako bat 55 urtetik gorako langabetuentzat gordeta dago, bestea, Diru Sarrerak Bermatzeko Errenta edo RGI deritzona jasotzen dutenei. Kale garbiketako pioi lanpostuetara aurkeztu ahal izateko eskolaratze ziurtagiria eta B1 gidabaimena izatea ere eskatzen da. Kasu honetan ere euskara ezagutza ertaina izatea eta esperientzia baloratuko dira. Kale garbiketa zerbitzuan aritzeko kontratatuko diren bi pioietako bat emakumezkoa izan beharko da eta bestea Diru Sarrerak Bermatzeko Errenta edo RGI deritzona jasotzen duena.
Udalak, bere aldetik, 4 hilabeteko kontratua eskaintzen du, lan jardun osoz.

  Administrari lanpostura aurkeztu ahal izateko berriz, Batxilergoa edo Lanbide Heziketa 2 titulua edo baliokidea izatea eskatzen da. Euskarari dagokionez, berriz, 3. Hizkuntza Eskakizuna, EGA, C1 edo pareko ezagutza izatea eskatzen da. Informatikako ezagutzak izatea eta administrazioan antzerako lanetan esperientzia izatea bereziki baloratuko da. Udaleko kontu-hartzailetza departamentuan lan egingo duen administrari honi lan jardun osoz aritzeko hiru hilabeterako kontratua egingo dio Udalak.

  Interesa dutenek Lanbideko web atariaren bitartez eman behar dute izena. Horretarako azken eguna azaroaren 2a izango da eta lanean, azaroan bertan hastea aurreikusten da.

  Laneratzeko zailtasunak dituzten kolektiboak kontratatzea da Lanbidek tokiko erakundeei eskaintzen dizkien dirulaguntza hauen helburua. Horregatik, 55 urtez gorakoak, emakumeak eta langabezian denbora luzez dauden eta gutxieneko diru sarrera batzuk bermatzeko RGIa deritzona jasotzen dutenak bereziki babesten dira kontratazio hauetan.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!