Bost ikasgela itxita daude jada Bigarren Hezkuntzako ikastetxeetan

2021/02/09
Covid-aren aurkako txertoaren bigarren dosia jartzen amaitu dute San Martin egoitzan

  9 Covid positibo berri atzeman ziren atzo Oñatin, Osasun Sailak eguerdian jakinarazi duenez. Horrek, 100.000 biztanleko intzidentzia metatua 540,63ra jaso du, Oñati, gorri dago berriro. Urriaz geroztik ez zen gurean halako intzidentzia metatu alturik neurtzen.

  Gaztetxoen artean bereziki zabaldu da Covid-19a gurean, azken astean. 14 eguneko eta 100.000 biztanleko intzidentzia metatua ez zen 70era iristen pasa den asteartean baina une honetan 540,63 da, esan bezala. Astebeteko epean 60 kasu positibo antzeman dira. Ondorioz, bost ikasgela itxita daude herriko Bigarren Hezkuntzako ikastetxeetan: 2. batxilergoko gela Zuazola-Larraña institutuan, lehen batxilergoko bi eta DBH 4 eta DBH 2ko gela bana Txantxiku ikastolan. DBHko bi gela horiek atzoko egunean zehar ixtea agindu zuen Osasun Sailak.

  Covid-19a gaztetxoen artean zabaltzen ari den honetan, herriko nagusiak txertatzen jarraitzen dute anbulatorioko erizainek. Goizean zehar bigarren txerto dosiak jarri dizkieta San Martingo egoiliar eta langileei. Lehen dosiarekin egin zen bezala, herriko moja eta frantziskotar nahiz laterandar komunitateetako adindunak ere txertatzen ari dira. Covid-19ari aurre egiteko txertoa guztiz eraginkorra izan dadin hainbat egun pasa beharko dira oraindik.

Iturria: Oñati Irratia