Bost desfibriladore herritarren eskura, behar denean erabiltzeko

2021/02/18
Bihotz-biriken suspertze protokoloa eta desfribiladoreen erabilera laburbiltzen duten esku-orriak eta bideoa egin dira

  Udal eraikin publikoetan hiru desfibriladore izan dira orain arte: Zubikoa kiroldegian, Azkoagainen eta Eltzian. Eraikinak zabalik zeuden bitartean erabilgarri baina ordu batetik aurrera eskuratu ezinda. Baina larrialdiak edonoiz gerta litezke eta horregatik desfibriladoreak eraikinetik atera eta edozein ordutan erabiltzeko moduan jartzea erabaki du Udalak. Beste bi desfibriladore berri erosi dira , herri gunetik urrunen dauden auzoetan jartzeko, Arantzazuko denda ondoan eta Arrikrutzeko kobako aparkalekuan. Desfibriladoreak nola erabili azaltzen duten esku-orriak eta bideo laburra egin ditu Udalak eta hitzaldi bat ere antolatu asmo du martxorako.

  Datorren aste hasieran etxeetara banatuko diren esku-orrietan bihotz-biriken suspertzerako protokolo unibertsala pausoz pauso azaltzen da: 112 larrialdietarako zerbitzura deitu, gaixoaren arnasbideak ireki eta arnasarik hartzen ez badu bihotz-biriken suspertze masajeekin hasi eta desfibriladorea erabili. Oñatin jarri diren bost desfibriladoreak automatikoak dira, erabilerrazak.

  Erabilera argibideak desfibriladoreen ondoan jarri dira baina etxeetara banatuko den esku-orrietan ere laburtu da, desfibriladoreen kokapenarekin batera. Eduki berberak hitzez eta irudiz azaltzen dituen bideo laburra ere  prestatu da eta udaleko youtube kanalean zintzilikatu da. Informazio zuzena eta ulerterraza emateko herriko erizain eta mediku baten aholkularitza izan du udalak.  

Iturria: Oñati Irratia