Bonbon noir antzerki taldeak egonaldi artistikoa beteko du Oñatin

2021/04/27
Card image cap
"Geuretik sortuak" lankidetza hitzarmenaren sinatze ekitaldia
GEURETIK SORTUAK ekimenean parte hartzen duen 26 artista edo taldeetako bat da Zuberoako konpainia

  Iazko abenduan aurkeztu zen GEURETIK SORTUAK egitasmoa, Udalbiltzak antolatutako lehen kultur-egitasmoa. Proiektuak euskal kultura Euskal Herriko bazterretara eramatea du helburu, sormen-egonaldien eta bertatik sortzen diren obrekin egingo den hedapen zirkuitu baten bitartez. Orain proiektuan parte hartzen duten udalerrietara joango diren artistak zeintzuk diren azaldu da. Guztira, 26 artista eta proiektu hautatu dira: 16 ipuin, 5 antzezlan eta 5 film labur.

  Urtarrilean ireki zen artisten beka-deialdia eta 73 proposamen artistiko jaso ziren; 21 literatura lan, 24 antzezlan eta 28 film labur. Artistei proposatutakoa guztiz berritzailea zen, zein herritara joango ziren jakin gabe euren proposamen artistikoa azaltzean zetzan, baina eremu ezberdinetara egokitzeko moduko planteamendu malguarekin.

  Hamar lagunez osatutako epaimahaiak martxoren 23 eta 24an erabaki zuen zein artistak jasoko duten beka eta bakoitzak zein udalerritan osatuko duen egonaldi artistikoa. Barietatea bilatu da proposatutako gaien, adin tartearen nahiz lurraldetasunaren aldetik, baita genero parekidetasuna ere. Hautatuen artean ezagunak diren sortzaileak daude: Yolanda Arrieta, Itxaro Borda, Edorta Jimenez, Tanttaka teatroa edota Josu Martinez kasu, eta hain ezagunak ez direnak ere bai. Oñatira Bonbon noir Zuberoako antzerki konpainia etorriko da. 

  Hautatutako artistak eta udal ordezkariak maiatzean bilduko dira elkar ezagutu eta egonaldi garaiari hasiera ofiziala emateko. Sortuko diren lanak datorren udazken-neguan aurkezten joango dira hartarako propio sortuko den zirkuituan.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!