Bizikleten eta oinezkoen bide-sarea Olabartaruntz luzatzeko 3 proiektu egingo dira eta hartarako diru-laguntza eskatuko zaio Foru Aldundiari.

2014/03/17
Card image cap
Hiri-Mugikortasun Iraunkorreko Planaren baitan bizikleten eta oinezkoen udal sarea garatzea lehenetsi da. Hurrengo urratsa, sarea Olabartaruntz luzatzea litzateke eta horretarako, hiru zatiren azterketak egin eta proiektuak zehaztea eskatu dio udalak Sestra Ingenieria y Arquitectura enpresari.

  Aurrreikusten den lehen zatiak, Olakua eta San Lorentzoraino dagoen bidegorria Ugarkalde azokoarekin lotzea du helburu. Bigarrena, Ugarkaldetik Olabarrietaraino joango litzateke GI-2630 errepidearen ertzetik eta hirugarrena, eta guztietan deigarriena, Olabarrieta eta Murgia auzoetan barrena doazen oinezkoen bideei jarraipena emanez, aipatu Gi-2630 errepidearen azpiko pasabidea egokitzea litzateke. Azken bide zati hau egokituta, errepidea zeharkatzeko oinezkoek egun hartzen duten arriskua ekidingo litzateke.

  Lana egiten hasi aurretik, udalak, aipatu hiru proiektuen idazketa, lanen zuzendaritza eta segurtasun eta osasun koordinazioaren aurrekontu zehaztea eskatu zion Sestra enpresari. Bakoitzak, kasik 18.000 euro gehi BEZaren kostua izango lukeela ikusita, udalak, proiektuak lantzeko diru laguntza eskatuko dio Foru Aldundiari.

  Izan ere, Diputazioak berriki kaleratu baitu Gipuzkoan Bizikleten eta Oinezkoen Bideen Udal Sarea garatzeko programako laguntzen deialdia, eta Oñatin egin asmo diren horiek bete-betean sartzen dira diru laguntzen xedean. Oinarrietan zehazten denez, Foru Aldundiak, gehienera, babestutako proiektuaren kostuaren %75a lagunduko du diruz. Eta jasotako diruaren justifikazioa azaroaren 15erako aurkeztu beharko da. Horrek esanahi du, lanak ez baina proiektuak bai, ordurako amaituta behar dutela.

  Foru Aldundiaren diru laguntzak eskatzeko epea ostiralean, martxoaren 21ean amaitzen da.

  Herriko oinezko eta bizikleten bide sarea Olabartaraino luzatu eta GI 2630 errepidearen azpitik pasabidea eginda Murgiako bidearekin lotzeko lanen inguruko 3 zatien proiektuak zehazteko lanen aurrekontua onartu eta Foru Aldundiari hartarako diru laguntza eskatzea erabaki zen udal gobernu taldearen pasa den asteko bileran.

Iturria: Oñati irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!