Bizikleta foroaren bilera egingo da bihar udaletxean.

2012/05/21
Herri gunea eta Zubillaga arteko bidegorria, herri barruko ibilbidea eta bizikleta aparkalekuak aztergai izango dira besteak beste.

   Hilabeteko atzerapenez baina hainbat zalantza argituta egingo da Bizikleta foroaren bilera bihar. Hasieran, apirilaren 17an biltzeko asmoa zegoen baina, orduan, Zubillaga eta Madalena arteko bidegorri tartea nondik bideratu airean zegoen. Fagor atzealdetik Madalenako ermitara bideratzeko egitasmoak desnibel handia zuela eta, aukeran, gasolindegi ingurutik bideratu eta Madalenako auzo bidera sartzeko bidegorria saihesbidea azpitik pasatzea proposatu zen.

  Aldundiak udalarekin elkarlanean, zati konplexu horren inguruko trazatu diseinua zehaztu berri du. Ez hori bakarrik, Otadui zuhaiztian, bidegorria espaloitik bideratu ordez, errepide erditik bideratzea erabaki du,  Errekalden edo Euskadi etorbidean dagoen bezala. Guzti honen berri biharko bileran emango da.

  Definitzeke dago bestalde, Oñatiko hirigunea bizikletaz era seguru eta erosoan zeharkatu ahal izateko ibilbidearen diseinua, hau da, Olakuatik Kurtzekuarainoko ibilbidea. Hainbat puntu eztabaidagarri daude tartean, Santa Marina plaza eta Portu kale/Bakardadeko Amaren arteko lotura nola egin, Euskadi Etorbidearen etorkizuna edota Aita Madina eta Kale Zaharraren integrazioa. Hori guztia, herritarrekin eztabaidatu asmo da eta horretxegatik, geroz eta ugariagoak diren bizikleta erabiltzaileak bereziki gonbidatzen dira biharko bilerara.

  Batzarra irekia izango da, bai parte hartzaileei dagokienean, interesa duen orori bertaratzeko gonbidapena luzatzen zaiolako, esan bezala, baina irekia baita ere gaiei dagokienean. Lan zerrendan jaso diren gai horietatik aparte, bilerara doazenek bestelako eztabaidagai batzuk ere proposatu al izango baitituzte.
Bizikleta foroaren bilera, bihar arratsaldeko 6retan udaletxean egingo da.

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!