Bilduko gobernu taldeak 2013rako udal zergen izoztea proposatu du.

2012/10/17
Hori da EAJko taldeari helarazi dioten dokumentuan jaso dena eta datorren ostegunean egingo den osoko Bilkuran azalduko dutena.

  Bilduko udal taldeak ostiralean amaitu zituen 2013rako zergen ordenantza berrien proposamen zirriborroa, EAJko taldeari helaraziz.

  Dokumentua lantzerako irizpide nagusia udal zergak izoztea izan da. Helburua, azkenaldian bizi dugun krisiak gogorren jotzen ari den gizarte sektoreak gehiago ez zigortzea da. Baina krisiaren ondorioak guztientzat  berdinak ez direla izan gogoan hartuta, Bilduk proposatutako ordenantza hauekin zerga sistema bidezkoagoa, ekitatiboa eta solidarioa lantzen saiatu dela dio gobernu taldeak, benetako progresibidade printzipioa oinarri duen zerga sistema eta iruzurraren aurka borroka egiteko konpromiso barneratzen duena.
Hala, datorren urtera begira Hiri Ondasun Higiezinen Zerga izoztea proposatzen du udal gobernu taldeak, izoztu, okupatuta dauden etxebizitzen kasuan. Inor erroldatuta ez dagoen etxebizitzen kontribuzioari %100eko errekargua ezartzea proposatzen baita, hau da, hiri ondasun higiezinen zerga bikoiztea. Neurri honen helburua hutsik dauden etxebizitzak alokairuzko merkatura ateratzera bultzatzea da.

  Hiri ondasun higiezinen zerga honi dagokion hobarietan iaz bezala, familia ugariek duten errentaren araberako hobaria mantenduko dute.

  Jarduera ekonomikoko gaineko zergari dagokionean gutxieneko fakturazio kopurua erdira jaistea proposatzen da. Orain arte 2 milioi eurotik gora fakturatzen duten enpresek bakarrik ordaintzen behar izan dute IAE deritzona. Udal gobernuak, gutxieneko fakturazio hori milioi bat eurotara jaistea proposatzen du. Bide honetatik udalaren diru sarrerak gehitzea aurreikusten da.

  Ekintzaile berriak laguntze aldera dena den, establezimenduen irekitze lizentzia eskuratzeagatik ordaindu behar den tasak %30 jaistea proposatzen da merkataritza, zerbitzu eta industri jarduerari dagokionean. Neurri honen helburua, herriko merkataritza sustatu eta aktibitatea garatzea da. Tasa jaitsiera hau ordea ez da aplikatuko banku bulegoak irekitzean.

  Aipagarria da baita ere, kutxazain automatikoek bide publikoa okupatzen duten kasuetan, okupazio tasa ordaindu beharko dela. Kutxazain bakoitzeko 350 euro ordaindu beharko dira.

  Euskaltegiari dagokionez, langabezian egon eta subsidiorik ez dutenek tasak salbuetsita izango dituzte, subsidioa kobratzen dutenei berriz, prezio sinboliko bat kobratuko zaie.

  Datorren urtera begira, kiroldegiko tasak igo egingo dira. Udalari, kirol zerbitzuak ematen dizkieten enpresen BEZ zerga, %8tik %13ra igo dute. Horren eraginez, udalak kirol ikastaroen tasak %5 eta 10 bitartean igo beharko dituela dio gobernu taldearen proposamenak.

  2013ko udal zergen proposamen dokumentua esan bezala, oposizioaren esku dago orain honek bere ekarpenak egin ditzan. Gaia, datorren ostegunean egingo den urriko Osoko Bilkuran eztabaidatuko da.

Iturria: Oñati irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!