BILDU eta EAJ udal taldeen adostasunez, Arkaitz Bellon elorriarraren heriotzaren inguruko adierazpen bateratua onartu da.

2014/02/10
Familiari elkartasuna adierazi eta gertatutakoa ahalik eta arinen argitzeko eskaerarekin batera, sakabanaketa eta indarrean den espetxe politikarekin lehenbailehen amaitzea eskatzen da. Udal bozeramaleen batzordeak adostutako idatzia zabaldu da gaur prentsara.

  Pasa den asteazkenean, Cadizko espetxean Arkaitz Bellon  elorriarra hilda agertu zela eta,  zigorraren 2 herenak beteta, aske beharko lukeela azalduz hasten da udalaren adierazpena. Heriotza honen aurrean, Oñatiko Udalak familiaren saminarekin bat egiten eta bere elkartasuna adierazten du lehen lehenik. Era berean irmoki eskatzen du Arkaitz Bellonen heriotzaren ingurukoak berehala argitu daitezela eta familiak informazio guztia ahalik eta arinen izan dezala gardentasun osoz.

  Idatziaren bigarren zatian berriz, Udalak, pertsona guztien giza eskubideak, bake eta bizikidetza egoera egonkorra defendatzen dituela berresten da, eta espetxe politikaren salbuespen egoerarekin amaitzea aldarrikatzen du. Egoera hau bidegabea beti izan bada ere,  gure herrian zabaldu den errealitate berrian berau mantentzea erabat zentzugabea eta onartezina dela zehaztu du idatziak. Salbuespeneko espetxe politika honekin eta sakabanaketarekin amaitzea eskatzen du Oñatiko udalak esanez, herri honetan gehiengoak aldarrikatzen duena horixe dela. Era berean, sufrimenduaren soka luzearekin lehenbailehen amaitzeko, eskubide guztien alde egiten dutenen indarrak batzeko garaia dela aipatzen du adierazpenak. 

  Udal bozeramaleen batzordeak onartutako adierazpen hau hainbat erakundetara bidaliko da giza eskubideen kontra doazen egoerak desagerrarazteko neurriak har ditzaten eskatuz. Konkretuki, Arartekoaren bulegora, Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailera, Bizkaiko Foru Aldundira, Eudelera, Gotzaindegira, Amnistía Internacional erakundera eta Eusko Legebiltzarrera bidaliko da.

Iturria: Oñati irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!