Bihar hasiko da ofizialki bainu denboraldia Usakon

2018/06/08
Ura 12 gradutan dago, iaz baino lauzpabost gradu hotzago

  Atzo aritu ziren Buceo Euskadi elkarteko bi urpekari Usakoko putzua garbitzen. Zuhaitz adar batzuk eta burdin zati bat ere atera zuten bertatik. Burdinak 40 bat zentimetro neurtzen zituen eta puntaduna zen, beraz, min emateko modukoa. Azkenaldia euri asko egin du eta azken urteetako ur emari handienaz garbitu behar izan dute urpekariek putzua. Ura ere lurrarekin nahastuta eta ilun xamarra zijoala adierazi dute eta bisibilitate eskaxa izan dutela onartu dute. Hala ere, karramarro asko ikusi omen dituzte, uraren kalitatea ona denaren adierazle. Ordubete egin zuten uretan eta neoprenoz jantzita joan arren, uraren tenperatura azpimarratu zuten 12 gradutan baitago. Azken bi urteetan, 16-17 gradutan zegoen. Eguzkia beharko da beraz oso hotz dagoen ura pitin bat epeltzeko.

  Dena prest dago Usakon bainu denboraldiari hasiera emateko. Hala, bihar hasi eta irailaren 9ra arte sorosle zerbitzua egongo da Usakon, egunero, 15:00etatik 20:00etara. Lehen bi asteetan sorosle bakarra egongo da baina eskola oporrak hartu orduko, ekainaren 23tik aurrera, bigarren sorosle bat izango da 16:00tatik 20:00tara, abuztuko erdiko bi asteetan izan ezik.  Herribusa ere Usakoraino iritsiko da arratsaldez birritan. Zerbitzua noiz hasiko da zehazteke dago baina egun gutxi barru abiatzea da asmoa.

  Gogoratu bestalde, aurreko urteetan bizikleta lapurretak salatu izan direla. Soroslea bai izango da Usakon baina ez ingurua bereziki zainduko duen inor. Horregatik, norberaren gauza eta ondasunak, bizikletak barne, norberak zaindu behar ditu.

Iturria: Oñati Irratia