Bihar erdiguneko kaleak autoentzako itxi egingo direla eta, lasaitasuna eskatu da udaletik.

2012/09/20
Card image cap
Itxiko den zirkuitoko kaleetan garajea dutenekin, dendari, ostalari edo gremioetako langileekin malgutasunez jokatuko dela adierazi digu udaltzain-buruak.

  Kezka eragin du zenbait herritarrengan bihar gurean ospatuko den AUTORIK GABEKO EGUNAk eta horren haritik, herri guneko hainbat kale motordun ibilgailuentzat itxi egingo direla. Udaletik, lasaitasuna eta zentzuz jokatzeko mezua zabaldu da. Udaltzaingotik berriz, malgutasunez jokatuko dela.

  Gogoratu, bihar Autorik gabeko eguna izango dela eta hainbat kale motordun ibilgailuentzat itxi egingo direla. Autorik gabeko ibilbidea osatuko da Unibertsitate etorbidea, Portu Kale, Euskadi Etorbidea, Lazarraga kalea eta Atzeko kalea hartuz. Motordun ibilgailuak ezin izango dira zirkuitu horretan ibili eta ondorioz, Bidaurretako errotonda parean, Arantzazuko Ama kalean, Zubibarri, Errekalde edota Kurtzebidetik aipatu kaleetara dauden pasabideetan hesiak jarriko dira. Dagoeneko, alboko espaloietan gertu daude.

  Baina lasaitasuna eskatu da. Aipatu kaleetan garajea dutenek, bertara sartu eta irten ahal izango dira. Dendariek edo ostalariek zamaketa lanen bat egin behar badute aukera izango dute eta berdin, inguruan lanean ari diren gremioetakoek. Guztiekin malgutasunez jokatuko dela adierazi digu udaltzain-buruak.

  Errekaldeko bizilagunentzat ere lasaitasun mezua. Errekaldetik saihesbidera irteteko Bakardadeko ama kaletik, Unibertsitate Etorbidera joan ahal izango baitira. Unibertsitate aurrealdeko erraila zabalik izango baita, esan bezala, Errekaldetik doazenek bariantera irteteko bidea izan dezaten.

  Herri-gunean eratuko den zirkuitu horia arratsaldean bai ordubetez edo, itxi egingo da. Arratsaldeko 6:30etan bizikleta martxa egingo baita bertatik. Horrek irauten duen bitartean, motordun ibilgailuei ez zaie bertara sartzen utziko.

  Autorik gabeko eguna Europa mailako aldarrikapen eta kontzientziazio eguna da eta Oñatin bezala, beste herri askotan ere, beste mugikortasun eredu bat posible dela agerian utzi nahi da.

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!