Bihar eguerdian egingo da San Martingo aisialdi ortuen bigarren zozketa

2015/07/21
Card image cap
Onartuen behin betiko zerrenda atzo arratsaldean ikusgai jarri zen

  Zozketarako erabiliko den behin betiko zerrenda udaletxeko iragarki taulan eta www.oñati.eus atarian ikusgai dago. 7 herritar dira San Martingo baratza parkean libre dauden ortuetako bat landatzeko eskaera eginda onartu direnak. Zortzigarren eskaera bat ere jaso zen baina erroldatze antzinatasunaren baldintza betetzen ez zuenez prozesutik kanpo utzi da.

  Atzo arratsaldean sinatu eta publiko egin zen Alkate Dekretuan, zozketarako onartuen behin betiko zerrenda eta zozketarako eguna eta ordua ere jakinarazten da. Zozketa, bihar eguerdian, 12.00etan egingo da udaletxeko areto nagusian. Zozketa egin aurretik, behin betiko zerrendan agertzen direnak  alfabetikoki ordenatuko dira eta lehenengoari 1 zenbakia egokituko zaio eta segidan, beste eskatzaileei zenbaki bana egokituko zaie beti ere orden alfabetikoa jarraituz. Kutxa batetan berriz, zazpi zenbakiak sartuko dira eta hauek ateratzen hasiko dira, ausaz eta banan-banan. Eskatzaileek, beren zenbakia atera ahalaz, libre dauden ortuetako bat aukeratuko dute. Zozketara joaterik ez duenak ordezkoa bidali beharko du. Udalak, 70 euroko errentaren truke, aisialdi ortuak urtebeterako lagako ditu. Lagapen hori urtez urte luzatu ahal izango da, gehienez, bost urteko mugarekin.

  22 dira San Martinen libre dauden ortuak baina eskaerak gutxiago direnez, biharko zozketaren ondoren ere, 15 hutsik, eman gabe geratuko dira.

  Zozketa eginda, onuradunei baratza parkeko txabola nagusiaren giltza banatuko zaie eta bertako funtzionamenduaren azalpenak emango zaizkie. Bide batez, erabiltzaileen elkartearen berri emango zaie eta elkarte honek hilaren 23an bilera egingo duela jakinaraziko zaie. Ortuen txabola gunean arratsaldeko 17.00etan egingo den batzar hori izango da erabiltzaile berrientzat aurkezpeneko bilera.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!