Bihar egingo dira Errekaldeko margotze lanak.

2012/07/11
Eguraldi bustiaren ondorioz, atzeratu egin dira Errekalden egin asmo ziren margotze lanak. Bidea itxiko ez bada ere, Errekalde 1 zenbakidun ataritik behera, aparkalekuak libre utzi beharko dira.

  Hasiera batetan atzo egin asmo ziren margotze lan hauek 48 orduz atzeratzea erabaki da. Atzo goizean euri langarra botatzen zuen eta halako lanak egiteko errepidea guztiz siku egon behar duenez, lanak atzeratzea erabaki zen, esan bezala. Eguraldi iragarpenen arabera bihar eta etzi eguzkia eta giro ateria egingo du. Errepidea margotu ahal izateko baldintza egokiak emango direla kontutan hartuta, bihar egingo dira iragarritako lanak.

  Aste hasieran aurreratu genuenez, Errekalde auzunearen behealdean, errepidearen ezker eskumara egokitu diren aparkaleku berriak markatuko dira. Errekalde goialdetik datorren bidegorriari jarraipena emanez, hau errepide erdian margotuko da eta zoruan bestelako zirkulazio eta abiadura muga seinaleak ere, margotuko dira.

  Lanak, trafikoa moztu gabe egiten saiatuko dira. Horretarako, errepidearen alde bateko lan guztiak segidan egingo dituzte trafikoa bestaldetik bideratuz. Ondoren, lehen pintura hori lehortuta bestaldean margotzen hasiko dira.

  Lanak bidea zabalik dagoela egingo dira baina gogoratu, Errekalde 1 zenbakidun ataritik behera aparkalekuak libre utzi beharko direla. Lanak, okerrik ezean, bihar goizeko lehen orduan hasiko dira.

  Lan kontuekin jarraituaz, aurreratu, etzi ostiralez, Unibertsitate etorbideko arketak jaso egingo dituztela. Unibertsitate etorbidea, Txaketuaneko bidegurutzetik postetxeko errotonda pasa bitarteko gunean asfaltatu egingo da.

   Asfalto berriak errepidearen kota pitin bat igoko duenez, aurrez, arketak maila horretara jasoko dira. Ostiralean, unibertsitate aldera dagoen errailean egingo dira lanak, hau da, Txaketuanetik Korreoserako norabidean. Lan hauek egin ahal izateko, errepide errail hori zirkulaziorako itxi egingo da.

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!