Bihar egingo da Artzain eskolako XX. ikastaroko amaiera ekitaldia

2017/02/22
Kurtsoa osatu duten 14 ikasleei diplomak banatuko zaizkie eta Aralarko artzainak eta Eduardo Urarte omenduko dituzte

  Arantzazuko Artzain Eskolan ofizialki bihar amaituko da 2016-2017 ikasturtea. Azken azterketa eta frogak gainditu ondoren, diploma banaketa ekitaldia egingo da. Artzain eskolako 20. promozioa 14 lagunek osatzen dute. Ikasturtea irailean hasi zuten guztiek amaitu dute. Bihar, artzain makila eta ikasturtea gainditu dutela egiaztatzen duen eskola diploma emango zaie.

  Artzain Eskolako ikasleek 5 hilabete eman dituzte artzaintza lantzen. Teoria eta laborategietara, instalazioetara, kudeaketa zentroetara edota nekazaritza eskoletara egindako bisitak eta artzain profesionalen baserrietan egindako praktikak uztartu dituzte.

  Bihar 12:00tan hasiko den kurtso amaierako ekitaldian, Aralarko artzainak eta Slow Food mugimenduko Eduardo Urarte omenduko dira sektorearen alde egindako lana errekonozituz. Ekitaldian, Bittor Oroz Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Politikarako sailburuordeak  eta Ikerne Zuluaga zuzendariak parte hartu dute, besteak beste. Baina erakundeetako ordezkariez gain artzain berriak, hauen senitartekoak eta ikasleak etxean praktiketan hartu zituzten artzain profesionalak elkartuko dira Arantzazun.

  Aipagarria da, Arantzazuko Artzain Eskolak bete dituen 20 ikasturteetan, 200dik gora ikasle hezi dituela. Horren haritik, eskolako zuzendariak bihar egingo duen balantzean, ikasle hauen laneratze tasa eta prozesuaz hainbat argibide emango ditu. Azken urteetan gainera, ahalegin berezia egin da eskolan, artzainen seme alabak erakartzeko, beti ere, sektoreari jarraipena eman asmoz. Bide horretan, Itsasmendikoik aholkularitza eskaintzen die artzaintzara profesionalki zuzendu daitezen.

Iturria: Oñati Irratia

Artzain Eskolako 19. promozioa