Bidarteko hilketa matxista salatzeko prozedura martxan jarri du Udalak

2016/04/07
Sare Feministak deitutako elkarretaratzearekin bat egin du eta udal eraikinak doluz jantzi dira

  Ustez bere bikotekideak emandako jipoiaren ondorioz hil da azken egunotan ospitalean larri egon den Natalie Van Dut, 34 urteko emakumea. Bidarteko hilketa matxista hau salatzeko elkarretaratzea egingo da bihar plazan. Udalak, bat egin du Oñatiko Sare Feministak deitutako ekintzarekin eta herritarrak, parte hartzera deitzen ditu. Elkarretaratzea, bihar, 18.30tan Foruen Enparantzan egingo da.

  Bide batez, eta halako kasuetarako zehaztuta dagoen salaketa prozedura jarraituz, udal eraikinetan eta web atarian, dolua adierazten duten puntu moredun kartel beltzak jarri dira. Udaletxeko balkoian puntu morea duen pankarta  zabaldu da. Kultur Etxean, Kiroldegian, gizarte zerbitzu departamentuaren bulegoetan eta Gaztelekuan ere, antzeko ikurrak jarri dira.    

Iturria: Oñati Irratia