Bidaiarien garraio kolektiboko zerbitzua arautzeko ordenantza aho batez onartu zen Osoko Bilkuran

2018/01/26
Card image cap
Bidaiarien nahiz garraio enpresaren betebehar eta eskubideak zehaztu dira

  Herribusa arautuko duen ordenantzak hainbat puntu biltzen ditu. 

  Zerbitzuaren Irisgarritasuna bermatzeko elementuak finkatzen ditu, ibilgailuen ezaugarriak, sarrera/irteera erraztea, eserleku erreserbatuak edota mugikortasun urriko pertsonen definizioa eta hauen laguntzaileek doan bidaiatzeko aukera jasoz. Bidaiarien eskubide eta betebeharrak zehazten dira eta hala, adingabeen kasuan, 5 urtetik beherakoak heldu batek lagunduta joan beharko dute beti, eta heldu bakoitzak 5 urtetik beherako lau haurrekin bidaiatu ahal izango du, gehienez. 5-18 urtekoak gazteek bestalde bonobusarekin bidaiatu beharko dute. Autobusean, etxe abere txikiak eraman ahal izango dira, besoetan. Animalia arriskutsuak ezin izango dira sartu eta beste debeku batzuk ere finkatu dira erabilera ordenantzan. Hara nola, ezingo dira jan izozki , edari, pipak edo zikintzen duten janariak, erretzea debekatuta egongo da eta baita zarata altuko gailuak eramatea ere. Ezingo da patinak jantzita autobusean sartu, ezta leihotik burua atera ere eta behin martxan jarrita heldulekuei helduta bidaiatu beharko da.

  Garraio kolektiboko zerbitzua arautzeko ordenantzan garraio enpresaren eta langileen betebeharrak ere zerrendatzen dira: gidariak euskaraz nahiz gaztelaniaz berba egin eta ulertzeko gai izan beharko dira, bidaiariekiko tratu zuzena erakutsi beharko dute eta irisgarritasuna bermatu beharko dute, dagokionean laguntza eskainiz. Araudia betearazteko ardura ere gidariena izango da.

  Atzoko Osoko Bilkuran onartu zen ordenantza indarrean sartzen denean,  5 eta 18 urte bitarteko bidaiariek autobus txartela ordaindu egin beharko dute. Orain arte, 10 urtetik beherakoek doan bidaiatzen zuten. Neurri honen helburua Lurraldebuseko beste zerbitzu urbanoekin parekatzea da, hurrengo fase batean Oñatiko zerbitzua Mugi txartelaren sisteman sartu asmo baita. Aldian behingo txartelak eta 10 bidaiako bonobusak eskuratu ahal izango dira, orain arte bezala, eta adin txikikoen txartel eta bonobusak % 60 merkeagoak izango dira.

  Herribusa zerbitzuaren esleipena aste gutxiren bueltan gauzatzea espero da. Kontratazio mahairen behin-behineko erabakiaren kontra alegazioa aurkeztu zen baina dagoeneko erantzun zaio. Lehiaketa prozedura beraz, laster amaituko da. Enpresa esleipendunarekin 8 urterako kontratua sinatuko du udalak. Kontratu berri honek igande eta jaiegunetako Arantzazuko zerbitzua ere hartuko du bere baitan.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!