Biblioporrak gida berria gertu du udal liburutegiak

2018/06/18
1000 ale ekarri dira Oñatira eta ikastetxeen bidez banatuko da bihar-etzi

  Azken urteetako diseinua mantenduz Biblioporrak gidan gomendatzen diren dokumentu bakoitzeko iruzkin edo komentario labur bat idatzi da, irakurleak gutxieneko informazioa izan dezan. Biblioporrak gidan, liburu edo bildumak, CDak eta DVDak gomendatzen dira. Baina irakurgaiekin ez bezala, ikus entzunezkoen atala orokorra da eta dokumentuak ez dira adinka bereizten.

  Liburuei dagokienean, hizkuntza eta historia aldetik kalitate aipagarria duten lanak zerrendatzen dira katalogoan. Adinka banatuta, 0-6, 6-9, 9tik gora, gazteak eta helduak tarteak berezituta. Guztira, 39 titulu  gomendatzen dira. Ikus-entzunezkoen atalean berriz, 5na disko eta filme jaso dira.

  Biblioporrak gida elkarlanean osatzen dute inguruko liburutegiek, aurtengoan, Oñatiko udal liburutegiko arduradunek ez ezik, Aramaio, Aretxabaleta, Arrasate, Bergara, Eskoriatza eta Legazpikoek ere parte hartu dute. Ondorioz, gida, zazpi herrietan banatuko da. Biblioporrak-2018 gidaren 1000 ale eskuratu ditu Oñatiko liburutegiak eta ikastetxeen bitartez banatuko zaizkie ikasleei; Lehen Hezkuntzako ikasleei banatuko zaizkie. 

  Ikastetxeek irakurzaletasunaren alde egiten duten lanari keinu egin nahi izan zaio aurtengo gidan, eskoletako liburutegien logo edo irudia gidan argitaratuaz.  Biblioporrak gidaren beste ale batzuk liburutegian jarriko dira eskuragarri eta  udaleko web atarian ere zintzilikatuko da interesa dutenentzat.

Iturria: Oñati Irratia