Biblioporrak gida berria gertu du udal liburutegiak

2023/06/27
Card image cap
Etxeetara banatuko da astearen amaiera aldera

  Ohikoa denez, ekaina erdialdera argitaratu da Biblioporrak gida. Baina ez da ikastetxeetara banatu eta, azken hiru urteetan bezala, herriguneko etxeetako postontzietan sartuz zabalduko da. Horretarako 4.500 ale eskuratu ditu Oñatiko liburutegiak. Astearen hondarrean hasiko dira banaketa egiten.

  Azken urteetako diseinua mantenduz Biblioporrak gidan gomendatzen diren dokumentu bakoitzeko iruzkin edo komentario labur bat idatzi da, irakurleak gutxieneko informazioa izan dezan. Biblioporrak gidan, liburu edo bildumak, CDak eta DVDak gomendatzen dira. Baina irakurgaiekin ez bezala, ikus-entzunezkoen atala orokorra da eta dokumentuak ez dira adinka bereizten.

  Liburuei dagokienean, hizkuntza eta historia aldetik kalitate aipagarria duten lanak zerrendatzen dira katalogoan. Adinkakako banaketa pitin bat egokitu da aurten, jaitsi egin da eta 0-5, 5-8, 8tik gora, gazteak eta helduak tarteak berezitu dira. Guztira, 40 titulu gomendatzen dira. Ikus-entzunezkoen atalean berriz, bosna disko eta film zerrendatu dira.

  Biblioporrak gida elkarlanean osatzen dute inguruko liburutegiek, Oñatiko udal liburutegiko ordezkariek ez ezik, Aramaio, Aretxabaleta, Arrasate, Bergara, Eskoriatza eta Legazpikoek ere parte hartu dute. Ondorioz, gida, zazpi herrietan banatuko da. Biblioporrak-2023 gida etxeetara zuzenean banatuko da, esan bezala, baina ale batzuk liburutegian jarri dira eskuragarri eta udaleko web atarian ere zintzilikatu da, interesa dutenentzat.

  Biblioporrak udako gida argitaratzen hasi zirela 29 urte dira jada.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!