Bi mozio idatzi eta 8 gai aztertuko dira arratsaldean egingo den uztaileko Osoko Bilkuran.

2014/07/24
Lehenago, udako oporren aurreko azken tokiko gobernu batzarra egingo da.

  Ohikoa denez, mozioak Osoko Bilkurako azken aztergaiak izango dira. Kuba eta Gazari buruzkoak dira.

  Kubakoa, “Desembarco del Granma” eta “Sierra Maestra-Euskadi” elkarteek aurkeztu dute baina plenora, EH Bilduren eskutik eramango da. Gazaren aurkako erasoak berehala gelditzeko eskatzen duen bigarren mozioa berriz, udalbatza osatzen duten bi taldeen adostasunez aurkeztuko da.

  Aurretik, Olabarrieta Auzoan errepidearen azpiko pasabidea eraikitzeko proiektuaren aldaketa azalduko da. Legazpira doan Gi.2630 errepidea azpitik zeharkatuko duen pasabidea eraikitzeko proiektua maiatzeko Osoko Bilkuran onartu zen. Bide batez, beharrezkoak diren lurrak eskuratzeko desjabetze espedientea hastea ere erabaki zen. Desjabetu eta aldi baterako hartu beharko liratekeen lur sailen zerrenda ere osatu zen. Orain ordea, onartutako proiektuaren aldaketak, ukituko diren ondasun horietan ere aldaketak ekarri ditzake. Argibideak, gaurko Osoko Bilkuran emango dira.

  Aurreko bilkura batean behin-behineko izaeraz onartutako San Martin sektoreko Plan Partzialaren aldaketa behin betikoz onartzea ere proposatuko da arratsaldeko bileran. Gogoratu, EAJk, plan partzialaren aldaketa honekiko alegazioa aurkeztu zuela.

  Bestelakoan, mendekotasun arretarako etxeko laguntza zerbitzua finantzatzeko Foru Aldundiarekin hitzarmena sinatzea edota Lan batzordeetako buruen aldaketa ere aztergai izango da.

  Udako oporren aurreko azken Osoko bilkura da gaurkoa. Berez, datorren astean beharko luke baina hileko azken osteguna, San Inazio egunarekin datorrenez, aurreratu eta gaur egingo da. Abuztuan gainera ez da Osoko Bilkurarik egiten.

  Udalbatzaren hileko bilera horren aurretik, gobernu taldeak astero egin ohi duena burutuko da eta hori ere, udako oporren aurreko azkena izango da.

Iturria: Oñati irratia

Argazkia: Kontzejupetik aldizkaria