Bi hilabete pasa beharko dute etxetik kanpo Maiatzaren 1a plazako 4an bizi ziren hiru familiek

2019/01/07
Card image cap
Zertan lagundu aztertzen ari dira udal arduradunak

  Zapatu goizaldeaz geroztik etxetik kanpo daude Maiatzaren 1a plazako 4. zenbakian bizi ziren hiru familiak, eraikineko eskaileretan piztu zen suaren ondorioz suhiltzaileek bertatik atera zituztenetik. Eraikinaren egiturak ez du kalterik, baina eskaileraren segurtasuna ezin da bermatu une honetan. Izan ere, larunbateko suteak etxearen ataria, lehenengo solairura arteko eskailerak eta lehenengo solairuko eskailera-burua bereziki kaltetu zituen, egurrezkoak guztiak. Konpontze lanak egin beharko dira eta bi hilabetez luzatutzea aurreikusten da.

  Udaleko Gizarte Zerbitzu departamentuan zertan lagundu aztertzen ari dira, beti ere, familiek azaltzen dizkieten beharrei modurik egokienean erantzun ahal izateko. Etxetik atera zituzten pertsonek senitartekoen etxeetan eman dituzte sutearen ondorengo lehen egunak baina beste egoitza bat beharko dute, lanek iraun bitartean. Udalak emergentzia kasuetarako etxebizitzak baditu, baina hiru beharko lirateke. Aukera ezberdinak aztertzen ari direla eta bihar bertan familiei proposamen bat helaraziko dietela esan du Mikel Biain alkateak. Hasieratik izan dituzten beharrei erantzuten saiatu dira udal arduradunak eta larunbat goizean bertan, CARITASen bitartez, arropa eskuratu zitzaien kaltetuei.

  Maiatzaren 1a plazako 4. zenbakiaren eskaileretan  sua piztu zen ostiraletik larunbaterako gauean, 03:25ean. Sua etxebizitzetara iritsi ez bazen ere ke ugari eragin zuen. Suhiltzaileen beharra izan zen sua itzaltzeko eta aurrez, eraikinean zeuden 12 pertsonak ateratzeko; balkoietatik atera behar izan zituzten eskaileran barrena ibiltzea ezinezkoa baitzen. Bizilagunak eraikinaren kanpoaldean artatu zituzten, kea arnastu zutelako. Batek oxigenoaren laguntza behar izan zuen baina ez zen inor ospitalera eraman. 

  Eraikinaren beheko solairuan dagoen Aker tabernak larunbatean bertan ireki zituen ateak baina goiko bizilagunek ezin izan zuten etxera itzuli eta hala, etxetik kanpora, bi hilabete eman beharko dituzte.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!