Bi enpresa aurkeztu dira San Martin egoitza eta eguneko zentroko zerbitzuak kontratatzeko lizitaziora

2017/09/19
Card image cap
Adituen batzordea urrian elkartuko da memoria teknikoak baloratzeko

  San Martin egoitza eta eguneko zentroa ondo ezagutzen duten Aita Menni eta Eulen enpresak aurkeztu dira bi zentroetako arreta zerbitzuen lizitaziora. Bi enpresetako langileek zerbitzu mota ezberdinak eskaintzen dituzte gaur egun egoitzan eta eguneko zentroan.

  San Martin egoitzan aldundiarekin hitzartutako 77 plaza daude egun baina datorren urtean beste sei sortzea aurre ikusten da. Eguneko zentroan berriz, 28 dira hitzartutako plazak nahiz eta urte akaberarako 30 izango diren. Hori guztia kontutan hartu da bi zentroetako arreta zerbitzuak lizitaziora ateratzerakoan. Izan ere, kontratuak hartzen dituen zerbitzuen helburu nagusia da pertsona erabiltzaileei osoko arreta ematea baita. Horretarako oinarrizko printzipio hauek errespetatu beharko dira:  normalizazioa, autonomia, partaidetza, integrazioa, arreta pertsonalizatua, globaltasuna eta profesionalizazioa. Zerbitzua ematerakoan San Martin egoitzako egoiliarrak eta eguneko zentroko erabiltzaileen premiak hartuko dira kontutan baina baita hauen familien beharrak ere. Hori guztia nola landu eta bermatuko duten zerbitzuaren memoria teknikoan jaso dute enpresek. Zerbitzuaren proiektua, lan programa, kudeaketa eredua, hizkuntza berdintasuna, emakume eta gizonen arteko berdintasuna, zentroa mantentzeko plana eta informazio sistemak dira memoria txostenean baloratuko diren irizpideak.

  Orain egun gutxi, lizitazioa zuzentzen duen epai mahaia bildu zen eta memoria teknikoen plikak irekitzearekin batera, hauek baloratuko dituen adituen batzordea izendatu zuen. Gizarte zerbitzuetako bi teknikarik eta Kabia foru erakunde autonomoko ordezkari batek osatuko dute adituen taldea. Dagoeneko eskuan dituzte aurkeztu diren bi enpresen txosten teknikoak eta balorazioa egiteko lehen hitzordua urri hasierarako egin dute. Bilera bakarra edo gehiago beharko diren ikusiko dute orduan. 100 puntuko baremazioan memoria teknikoak 51 jasoko ditu gehienez eta eskaintza ekonomikoak 49.

  Gizarte zerbitzuen euskal sistemaren prestazio eta zerbitzuak arautzen dituen 2015eko legeak aldundien eskumen jotzen ditu zaharren egoitzak eta eguneko zentroak. Hala Kabia foru erakundea sortu zen Gipuzkoan udalen eta fundazioen esku zeuden zentro publikoak kudeatzeko. Oñatiko San Martin egoitza eta eguneko zentroa 2018an bereganatzea aurre ikusten da. Baina bitartean bi zentroen arreta zerbitzuak kontratatu behar zirenez, lizitazioa martxan jartzea erabaki zuen udalak, Kabiarekin elkarlanean.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!