Bi asteko epean konpondu asmo dira plazako arkupetako sabaian dauden zuloak

2018/05/04
Zuloen egoera berriro aztertu da gaur goizean eta jausteko arriskuan egon zitezkeen kaskoteak kendu dira

  Pasa den otsailean jausi ziren lehen sabai-kaskoteak plazako arkupetan, Oñati taberna inguruan. Udal langileak sabaia aztertzen aritu ziren, egoera zein zen zehatzago jakiteko. Jausitako zatiaren inguruan jotzen aritu ziren eta egurrezko estruktura agirian utzi zuten hiru zulo zabaldu zituzten. Orduan sabaia modu kontrolatuan apurtu zuten, kaskote gehiago jausi ez zitezen. Astean ordea, kaskote berria jausi da eta gaur berriro igo dira jausteko arriskuan egon zitezkeen elementuak kentzeko. Bide batez, argazki berriak atera dituzte. Egurrezko estruktura lotzen duten iltzeak herdoilduta daude eta goiko pisuko bibrazioek egur arteko zatiak jausi arazten dituztela ikusi dute. Gaur errebisio berria egin dute, esan bezala, eta jausteko arriskuan zeuden kaskoteak kendu dituzte.

  Arriskua guztiz desagertzeko ordea, egun begi bistan dagoen estruktura estaltzea ezinbestekoa da, zuloak igeltsuz ixtea alegia. Hilabete hauetan herriko igeltserorekin harremanetan egon dira udal teknikariak zuloak lehenbailehen estali zitzaten. Lanak ezin izan dituzte gauzatu eta une honetan udalerako lanean ari den hirugarren igeltsero batekin egin da konponketa plana. Plazako arkupetako sabaia konpontzeko lanak datozen 15 egunotan egitea espero dute Zerbitzuak udal departamentuko arduradunek.

  Aurten ez zen aurreikusten plazako arkupetako sabaia konpontzea, beharrik ez baitzen ikusi udal aurrekontuak osatzerakoan. Baina otsailean lehen kaskoteak jausi ziren, esan bezala, eta gutxieneko konponketa lanak egin beharko dira.
Plazako arkupeetako sabaiaren aparteko mantentze lanik ez da egin aspaldiko urteetan.

Iturria: Oñati Irratia