Bertan behera utzi dira Selma Huxleyren inguruan astean egitekoak ziren bisita gidatuak

2020/10/26
Card image cap
Gipuzkoako Artxibo Historikoan Selma Huxleyk egindako ikerketa lana azaltzea zen helburua

  Selma Huxley Barkham jardunaldien baitan urriaren 29 eta 31rako iragarri ziren bisita bereziak bertan behera utzi dira, osasun neurri berriek hala eraginda. Eusko Jaurlaritzak ostiralean kaleratu zituen osasun publikoko prebentzio neurri berrietan berariaz aipatzen dira talde bisitak eta gida barne dela gehienez sei pertsonakoak izan ahalko dutela zehazten da. Horrek, aurreikusitako hiru bisita gidatuetan 15 herritarrek soilik parte hartu ahal izatea esanahi du, kopurua murritzegia, Selma Huxleyren jardunaldiek duten helburua betetzeko. Hau da, ikerlariaren lana ezagutzera eman eta balorean jartzeko. Ondorioz, bisitak oraingoz bertan behera utzi eta egoera hobetzen denean berriro programatzeko erabakia hartu dute  Udaleko Berdintasuna departamentuak eta Gipuzkoako Probintziako Artxibo Historikoak.

  Bisitak bertan behera utzi diren arren, proiekzioen eskaintzak bere horretan jarraitzen du. Asteburuan, publiko gaztetxoari zuzenduta Ipar haizearen erronka filma pantailaratu da eta asteazkenean berriz, bi dokumental ikusi ahal izango dira: TVEk ekoitzitako Mercaderes y balleneros, una historia de ultramar eta ETBko Selma Huxley, el reto de una leyenda. Emanaldia, 19:00tan izango da zine aretoan eta horretarako txartelak www.oñati.eus edo Txokolateixan eskuragarri daude.

  Selma Huxley Barkham jardunaldiak Oñatiko Emakumion Kontseiluak, Udalak eta Gipuzkoako Artxibo Historikoak elkarlanean antolatu dute, Huxleyk egindako ikerketa lana ezagutzera eman asmoz, esan bezala. Izan ere, Selma Huxley Barkhamek euskal balea ehizaren eta Ternuara joaten ziren arrantzaleen inguruan lan handia eta garrantzitsua osatu baitzuen; Huxleyren lana mugarri izan zen Euskal Herriko eta Kanadako historian.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!