Bertan behera geratu da Ibarrako skate pistaren inaugurazioa.

2013/11/19
Eguraldi txarrak eraginda zapatuan egitekoa zen ekitaldia udaberrira atzeratzea erabaki dute antolatzaileek.

  Pasa den astean aurreratu genizuenez abuztuak geroztik erabilgarri dagoen Ibarrako skate pista ofizialki inauguratzeko hainbat ekintza antolatu ziren zapaturako. Aurretik, gainera, pista ingurua zabaltzeko hormigoia botako zela esan genuen beti ere eguraldiak laguntzen bazuen.

  Begi bistakoa da orain arteko eguraldiak ez duela hartarako biderik eman eta prebisioek ere ez dute hobekuntzarik iragarri datozen egunetarako. Horretxegatik, inaugurazio ekintzak bertan behera uztea erabaki da. Data berririk ez da finkatu baina udaberrira atzeratuko dela esan digu gaztedia teknikariak. Gogoratu, skate erakusketa eta txapelketak egin asmo zirela.

  Zapatuan beraz ez da Ibarrako skate pistaren inauguraziorik egingo baina antolatutako ekintza guztiak ez dira bertan behera geratuko, gauean, Gaztelekuan iragarri zen hip hop kontzertua, hori bai, egin egingo baita. Larunbatean, gaueko 10etatik aurrera DUO KIE, RUSHBLACKA eta AUTODIDAKTAS FOX taldeen kontzertua izango da Gaztelekuan.

  Gainerako inaugurazio ospakizunak atzeratzea erabaki den arren, kontzertuari eusten zaio eta egin egingo da.
Bitartean eta eguraldiak hartarako aukera ematen duenean, Ibarrako skate pistaren ingurua egokitzeko porlana bota eta leuntzeko lanak egingo dira. Skate pistaren ezker-eskumara porlana botaz ikusle eta skaterrentzat gunea zabaldu asmo da. Enpresagintza fakultaterantz dagoen belarditxoa estali egingo da eta kuartelerantz dagoen aldean ere, metro pare batean hormigoia botako da. Hormigoia botatzeko euriak ez du aparteko eragozpenik sortzen bai ordea ondoren egin behar den leuntze edo pulitze lanetarako. Kasu horretan, porlana lehor egon behar da. Baina pentsatzekoa da hemendik eta udaberria bitartean eguraldi baldintza horiek eman emango direla eta prebisioek fidagarritasuna ematen dutenean, lanak egin egingo dira. Orain gainera ez dago inaugurazio eguna gainean dagoenaren presiorik. Gogoratu, aipatu ormigoi botatze eta leuntze lanak Ugarte eraikuntza enpresak egingo dituela.

Iturria: Oñati irratia

Argazkia: Oñatiko Udala