Bertan behera geratu da hondakinen bilketa zerbitzuan iragarrita zegoen greba

2017/10/17
Card image cap
Enpresa eta mankomunitatearekin lortutako akordioa aste honetan bertan sinatzea espero dute sindikatuek

  Horregatik, eta sinatze hori gauzatu bitartean, sindikatuek ez dute ofizialki iragarri mobilizazioak bertan behera uzten direla, nahiz eta langileen asanbladak hala erabaki zuen atzo arratsaldean. Aurrez, lortutako akordioa berretsi zuen langileen gehiengoak.

  Hitzez onartutako akordioaren arabera kaleratu ziren 8 langileak lanean hasiko dira, bi zituzten baldintzetan eta beste seiri lanaldiaren % 50a gutxienez bermatzen zaielarik. Aurrejubilazioak errazteko  neurriak hartuko dira. Lanaldia murriztu zitzaien langileei berriz, lan jardunaren % 75a bermatuko zaie. Era berean, sektoreko hitzarmena bere osotasunean aplikatzeko konpromisoa hartzen dute enpresak eta mankomunitateak. Debagoienako hondakin bilketa zerbitzua egokitzeko aurrez adostu zen ikerketa ere abiatuko da. Hartarako izendatu den taldea astero bilduko da, urte amaiera bitartean. Zerbitzua aztertu eta beharrak zehazteko talde honetan hiru aldeek parte hartuko dute: langile, enpresa eta mankomunitateko ordezkariek.

  Sindikatuak pozik agertu dira lortutako akordioarekin. Zerbitzuaren esleipen berriaren ondorioz sortu zen egoera larriari buelta eman ahal izan zaiola azpimarratu dute. Hala ere, gaia ez dute itxitzat eman. Aipatu azterlanak zerbitzua egokitzea ekarriko duela diote langileen ordezkariek eta alde horretatik, emango diren urrats berriak hurbiletik zainduko dituztela gaineratzen dute. Oraingoz, eta berehalakoan gauzatu beharko dena, langileen asanbladak atzo onartu zuen akordioa sinatzea izango da.  Mankomunitateak data jartzearen zain daude baina aste honetan bertan izatea aurre ikusten da. Orduan jada, ofizialki azalduko dute sindikatuek Debagoienako hondakin bilketa zerbitzuan iragarrita zegoen greba bertan behera geratu dela.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!