Bertan behera geratu da guraso eskolak datorren asterako antolatutako tailerra

2020/01/17
Ez da gutxieneko taldea osatu "Emakumeen aurkako bortizkeriaren prebentzioa txikitatik lantzeko" tailerrean

  Haur eta Lehen Hezkuntzako gurasoei zuzenduta antolatu zuen Hezkuntzako Formazio Mahaiak indarkeria matxistaren prebentziorako tailerra. Emakume eta gizonen arteko harreman egokiak sustatzea da seme-alaben heziketa orekaturako oinarrietako bat. Baina sarritan zalantzak sortzen dira gaia lantzeko orduan. Zalantza eta kezka horiek argitzeko asmoz antolatu zen hilaren 21 eta 28an ematekoa zen tailerra.

  Guraso eskolaren baitan antolatzen diren ikastaro eta tailerretan parte hartzeko izena eman behar izaten da aurretik. Atzo itxi zen hurrengo saio horretarako izen-ematea eta gutxieneko taldea sortu ez dela ikusita, tailerra bertan behera uztea erabaki dute antolatzaileek. Izena eman zuten gurasoei zuzenean jakinaraziko zaie.

  Oraingoan taldea ez osatzeak ez du esanahi gaia guztiz baztertuko denik. Litekeena da hurrengo batean, beste urte sasoi batean, berriro programatzea.

Iturria:Oñati Irratia