Bertan behera geratu da Araotzeko neska eskola ostatu bihurtzeko lanak esleitzeko prozesua

2019/03/29
Card image cap
Ez da eskaintzarik jaso udalak egindako deialdira

  Orain aste batzuk kaleratu zen Araotzeko eskola ostatu gisa egokitzeko lehen faseko lanak esleitzeko iragarkia. Araotzeko eskola balio anitzeko ostatu gisa egokitzeko lanen lehen fasean, eraikinaren kanpoko urbanizazio lanak, eraikinaren inguratzaile osoaren isolamendu lanak, tarteko solairu berria eraiki eta eskailerak egitea, barruko banaketak egin eta beheko solairua eraiki eta birgaitu beharko dira. Beti ere, Koldo Etxegarai arkitektoak idatzitako exekuzio proiektua oinarri delarik. Esleipenerako gehienezko aurrekontua berriz, 298.500 eurotan mugatu zen. Ez dirudi ordea, kopuru hori oso erakargarria izan denik eraikuntza enpresentzat, inor ez baita aurkeztu esleipen deialdira. Ondorioz, prozesua bertan behera utzi du epaimahaiak.

  Aurreko deialdi horretan jarritako baldintzak errebisatu beharko dira bigarren deialdia egiteko. Lanak lehenbailehen egitea komeni da, hitzemandako dirulaguntza batzuek lanak egiteko epea baitute.

  Araotzeko neska eskola ostatu bihurtzeko proiektu honen finantzaketa hiru oinen gain osatuko da: Eusko Jaurlaritza, Araotzeko auzoa eta Udala. Jaurlaritzaren Landa Eremuak Sustatu eta Garatzeko dirulaguntzen ataletik 147.000 € agindu ziren eta udalak eta auzoak, 91.000na euro jarriko dituzte.

  Pasa den urtarrileko Osoko Bilkuran udala eta Araotzeko auzoaren arteko hitzarmena onartu zen. Horren arabera, eraikina 10 urtetarako lagako zaio udalari eta epe horretan, udalaren ardurapean geratuko dira ostatuaren ustiaketa eta mantenua.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!