Bertakoak TAO txartela eskuratzeko 11 alta eta uzteko 3 baja jaso dira orain arte

2019/11/06
TAO txartelok berritzeko tramitazioa astelehenean itxiko da

  163 dira 2019an zehar bertakoentzat gordetako aparkalekuetan autoa uzteko txartela duten herritarrak. Gehienek Bidebarrieta kale inguruan dauden 6. gunean aparkatzeko txartela dute, 94k, hain zuzen ere. Gainontzeko 69ek Aita Mortara eta Aita Madina kaleko aparkalekuek osatzen duten 5. gunea erabiltzeko baimena dute.Baina 2020. urtera begira, txartela ezeztatu edo berri bat egiteko epea ireki zen urriaren 14an eta astelehenean, azaroaren 11n, itxiko da.

  14 eskaera jaso dira orain arte udal bulegoetan. Gehienak alta emateko, hau da, autoak baimendu eta txartel berria eskuratzeko eskaerak izan dira, 11. Horietako gehienak baita ere, Aozaraza kaleko bizilagunek eskatutakoak dira. Ordenantza aldatuta, Aozaraza kaleko bizilagunei Bidebarrieta inguruko gunean aparkatzeko txartela eskuratzeko aukera eman baitzaie, datorren urtetik aurrera. 3 lagunek berriz, txartelari uko egin edo baja eskatu dute.

  Baja eta altak udaletxean jakinarazi behar dira dagokien eskaera orria beteta. Txartel berria eskatu nahi dutenek autoaren zirkulazio baimenaren kopia aurkeztu behar dute. Horrela, egoiliarrei gordetako Aita Mortara edo Bidebarrietako guneetan aparkatzeko txartela eskuratzeko baldintzak betetzen direla egiaztatuko dute udal arduradunek. Era berean, lehendik txartela duten baina azken urtean autoz aldatu edo beste helbide batean erroldatu direnei ere, aldaketa horien berri udal bulegoetan ematea eskatzen zaie, 2020ko baimen txartelak banatu aurretik, txartela duten horien datuak egiaztatuko baitira.

  Aita Mortara eta Aita Madina kaleetako 5 gunean autoa aparkatzeko Bertakoen txartela eskatu dezakete ondorengo kaleetan bizi direnek: Kale Zaharra, San Anton, Aita Madina, Aita Mortara, Foruen enparantza, Portu kalea, Unibertsitate etorbidea, maiatzaren 1a plaza, Bakardadeko Ama eta Zumeltzegi kalea. Bidebarrietako  6 gunean berriz,  Bidebarrieta, Zubibarri, Motxon, Atzeko kalea, Kale Barria, Errementari plaza. Ramon Irizar kalekoak eta aurrerantzean, Azozaraza kalekoak ere bai.

Iturria: Oñati Irratia