Berritasun ugari izango ditu aurtengo Corpus prozesioak

2016/05/27
Card image cap
Aozaratzako Mikel Deunaren irudi berria aterako da eta San Migelez, Julen Kortabarria jantziko da lehen aldiz domekan

  Eguzkia lagun, dantzariak auzorik auzo ibili dira goizean Korpuzti jaien mezua zabaltzen. Arratsaldean,  ikastetxeetan eta Kasablanka, Ugarkalde eta San Martin etxaldeetan dantzatu dute eta eguneko erronda, San Martin egoitzan amaituko dute. Eta guztien buru, aurten bigarren urtez, Iñigo Murgiondo kapitaina.

  Bihar ere, dantzariak mezulari izango dira herrigunean Corpus dantzak eskaintzen.

  Aurtengo berritasunak Corpus prozesiñoaren inguruan daude. Julen Kortabarria estreinako aldiz irtengo da San Migel jantzita. Iaz  Ibai Gonzalez irten zen eta biak txandaka arituko direla jakinarazi zuten Apostoladuaren kofradiako kideek. Hartarako propio egin den Aozaratzako Mikel Deunaren irudi berria ere lehen aldiz aterako da prozesiñoan. Lekunbarriko kaperan dagoen egurrezko irudia ordezkatuko du. Beira fibrazko irudi berria, egurrezkoa baino dexentez arinagoa da. Horrela, anderoek samurrago eramango dute. Palioaren oihala ere berritu da eta apostoluentzat eskularruak erosi dira.

  Korpuzti ospakizunek trafikoan eragingo dute.  Domekan, egun osoan zehar, Unibertsitate Etorbidea eta Txaketuaneko bidegurutzera bitarteko errepidea itxi egingo da, lokomotora ondoko errotondatik Aker taberna pareraino bidea itxita egongo da. Ibilgailuak Portu kalera bideratuko dira.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!