Berrikuntzatik, gizarte eraldaketa bultzatuko dute Debagoiena 2030 ekimenaren sustatzaileek

2020/10/02
Sarea osatzen duten 13 erakundeetako bat da Oñatiko udala

  Debagoiena 2030 Garapen Iraunkorrerako Sarearen gobernu batzordea osatzen duten eragileek etorkizuneko erronkei erantzun bateratua emateko konpromisoa azaldu zuten atzo Eskoriatzan. Hitzarmena sinatu zuten 13 erakundeen artean daude Oñati, Arrasate eta Bergarako udalak, Debagoieneko Mankomunitatea eta Gipuzkoako Foru Aldundia eta ULMA, Mondragon taldea, Mondragon unibertsitatea edota Saiolan eta Agirre Lehendakaria Center, besteak beste.

  XXI. mendeko erronka globalei erantzun komunitario propioa emango dien eraldaketa mugimendua sustatzeko egitasmoa da Debagoiena 2030. Iaz egindako esplorazioan oinarrituta, eskualde adimentsu, inklusibo eta klimatikoki neutrorantz egiteko hainbat arlotan eragitea erabaki da: lanaren etorkizuna, energia, mugikortasuna, elikadura sistemak, hezkuntza, ekonomia zirkularra, inklusioa eta komunitatea.

  Eragin eremu horiek oinarri hartuta 14 proiektu konkretu martxan jarriko dira eskualdeko eraldaketa lortzeko helburuz. 14 proiektu horien sustatzaile Debagoiena 2030 sareko partaide nahiz bestelako erakundeak izango dira.

  Garai historiko baten amaiera eta berri baten hasiera puntuan gaudela esan zuen atzoko ekitaldian Debagoiena 2030 ekimenaren gidaritzaren ardura duen Gizabidea Fundazioko Elena Herrartek. Eta iraganean bezala orain ere eskualde gisa, etorkizunera begiratu eta erronkei erantzuteko modu proaktiboan lanean jardutea beharrezkoa dela azpimarratu zuen.

Iturria: Oñati Irratia