Bergaran zentralizatuko da bihar Maiatzaren 1eko Debagoieneko aldarrikapena

2021/04/30
Card image cap
Hainbat sindikatu eta mugimendu sozialek manifestazio bateratua deitu dute “lan, bizitza eta pentsio duinak” aldarrikatzeko

  Oñatin ez da aparteko ospakizun edo ekitaldirik antolatu bihar langileen nazioarteko eguna dela eta. Sindikatu nagusiek bailara edo herrialde mailako ekitaldiak deitu dituzte, bereziki goizerako, eta Debagoienean, Bergaran, Maiatzak 1 bateratua ospatzeko manifestazioa egingo da arratsalde-ilunkaran. San Martin plazatik abiatuko da manifestazioa, 20:00tan, eta besteak beste, LABek, ESK-k, ELAk, Mantxanterak talde feministak, Pentsionisten mugimenduak, Ernaik, Ikamak edota Oñatiko hainbat talde eta erakunde biltzen dituen Eskubide Sozialen Aldeko Batzordeak bat egin dute Bergarako deialdiarekin. Bergaran baita ere, baina Kontseilu Sozialista Deba bailarak deituta, beste manifestazio bat egingo da 18:30tan, Klase gorrotoa antolatu lelopean.

  Herri arteko mugikortasuna bermatu eta manifestazioetan parte hartu ahal izateko ziurtagiriak prest dituztela azaldu dute sindikatuetako ordezkariek. Sindikatuen bulegoetara jo edo internet bidez eskuratu daitezkeela jakinarazi dute.

  LAB sindikatuak Gasteiz, Bilbo eta Donostian egingo dituen mobilizazioez gain, Eibarren Deba arrorako manifestazioa antolatu du bihar goizerako. ELAk Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan deitu ditu maiatzaren leheneko manifestazioak, Aldaketa garaia da lelopean, eta beste horrenbeste egin du ESK-k Eskubideak jokoan ditugu lemarekin. UGTk eta CCOOk ere EAEko hiriburuetan antolatu dituzte manifestazioak.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!