Bergarako epaitegiak ez du onartu VOXen ekitaldirako baimenari Oñatiko Udalak jarritako helegitea

2020/07/08
“Probokazioetan ez erortzeko” deia egin du udal gobernu taldeak

  Plazako pilotalekuan VOXek arratsalderako antolatu duen ekitaldia baimentzearen kontrako helegitea aurkeztu zuen Oñatiko Udalak Bergarako epaitegian. Zonaldeko Hauteskunde Batzordeko presidenteak emandako aldeko ebazpenean eskaera epez kanpo egin zela aipatzen da  eta hori izan da Udalak aurkeztutako helegitean argudiatutako oinarrietako bat; bestea, frontoitik hurbil, Lazarragako lorategian, kontzertu bat antolatua duela Udalak, duela hilabete pasatik, eta ekitaldiak traba egingo liokeela.  Bergarako epaitegiak ez du Udalaren helegitea onartu.

  Udal gobernuaren esanetan ulergaitza da epaitegiak hartutako erabakia argudiatutako bi arrazoiak pisuzkoak direla uste baitu. Udal gobernu taldeak probokazioetan ez erortzeko mezua zabaldu du prentsa-ohar bidez.

  VOXek hauteskunde ekitaldia egiteko baimena dauka, 18:30tatik 20:30ak bitartean. Alderdiak sare sozialetan zabaldu duenez, 19:00tan hasiko da Ortega Smith eta Macarena Olonaren ekitaldia plaza ondoko frontoian. Horren haritik bi dei kontrajarri zabaldu dira herrian, plaza ingurura ez hurbiltzeko eskatzen duen mezua, batetik, eta deialdi antifaxista, bestetik. Honek, 18:45tan plazan elkartzeko deia egin du.

  Egoera aztertuta, eta bereziki zarata sortu litekeela aurreikustia, Udalak atzeratu egin du 19:00tan Lazarragako lorategian hastekoa zen “Dama beltzak” kontzertua. Taldearekin kontrastatu da eta uztailaren 23rako programatzea adostu dute bi aldeek. Ordua eta lekua mantentzen dira eta orain arte eskuratutako sarrerak ere erabilgarri izango dira.

Iturria: Oñati Irratia

Hauteskunde ekitaldia frontoian egingo du VOXek