Oñatiko udala

Berdintasun Kontseilua sortzeko dinamizazio lanaz berba egingo da gaurko Tokiko Gobernu Batzarrean

2018/05/17
Card image cap
Garapenaren aldeko nazioarteko lankidetzarako diru laguntza eskaerak ere aztertuko dira

  55 gai jaso dira gaurko lan zerrendan eta aipagarria da Berdintasun Kontseilua eratzeaz eztabaidatuko dela. Berdintasun Kontseilua prozesu parte hartzaile baten bidez eratu asmo da. Prozesu horretan Kontseiluak zer izan behar duen, zein funtzionamendu izango duen eta nortzuk osatuko duten zehaztuko da. Eratzeko partaidetzazko prozesu hori dinamizatuko duen enpresa kontratatuko da. Berdintasun Kontseilua eratzeko prozesua osatu duten beste herri batzuetako esperientziak ezagutzeko topaketa irekia antolatzen ari dira ekainerako. Guzti honen inguruko xehetasunak gaurko Tokiko Gobernu Batzarrean emango dira.

  Garapenaren aldeko nazioarteko lankidetzarako diru laguntzen gaia ere jorratuko da. Lankidetza proiektuak garatzeko jaso diren eskaeren balorazioa egingo dute gobernu taldeko kideek arratsaldean. Era berrean, larrialdiko egitasmoak garatzeko Mikel Goiaingeruaren Parrokiak aurkeztu duen eskaera aztertuko  dute.

  Orain aste batzuk aurreratu genizuen, udalak, euskaltegirako euskara irakasle bat kontratatu eta lan poltsa osatzeko deialdia argitaratu zuela. Izena emateko epea bete zen eta hainbat hautagaien eskaerak jaso ziren. Baina gaur, prozesua arautuko duten oinarriak aldatzeko gaia aztertuko da gobernu batzarrean. Eltziaz ere berba egingo da asteroko bileran. Eltziako teilatuaren zati bat konpontzeko dago eta lanak aurten egiteko asmoa dago. Baina aldatu behar den estalkia zuntz-zementuzkoa da eta amianto-hautsa dauka.  Amiantoa kentzeko lana segurtasun protokolo berezi baten arabera egin behar da. Gai hori ere gaurko lan zerrendan jasota dago.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!