Beratu musika jaialdia antolatu dute udalak, Ahotseneak eta herriko hainbat eragilek, martxoaren 18tik 25era

2018/02/20
Musikaren ertz ezberdinak bizitzeko modu berria proposatzen du jaialdiak

  Musikariak gertutik ezagutzeko, eta bere egoeraz eta etorkizunaz eztabaidatzeko gunea izango da jaialdia. Kontzertuak, musikarien eta profesionalen arteko topaketa, mahai inguruak, etab. antolatu dira. Beratu jaialdiak euskal musika eszena garaikidearen nondik norakoak ezagutzeko aukera eskaini nahi du. Musika entzuteko esperientziaz gainera Euskal Herriko musikaren topagunea izango da.

  Aste betez musika ezagutza partekatzeko topagunea izango da Oñati, euskal musikaren nobedadeak eta korronte berriak ezagutzeko aukera eskainiz. Hala, sormenaren eta musikaren eszenan murgiltzeko aukera ezberdinak egongo dira: Musik Fem solasaldia, musika industrian dauden emakumeekin; Maria Arnal i Marcel Bagues, Delorean, Lumi eta Audience taldeen kontzertuak, Ahotsenean elkartuko gara jardunaldiak, haurrentzako muska tailerra etab. Ekintza guztiak, martxoaren 18tik 25erako astean bilduko dira eta herriko eszenatoki ezberdinetan: Kultur Etxean, Gaztelekuan, Gaztetxean, Eltzian eta Santa Ana aretoan. 

  Jaialdi honen bereizgarri nagusienetako bat Ahotsenearekin elkarlanean antolatu izana da. Ahotsenea Durangoko Azokaren baitako sortzaileen gunea da, 2008. urtetik.  Azokan izan ohi duen izpirituarekin, euskal musikaren eskenatoki izatera pasako da Beratu Jaialdiaren baitan.

Iturria: Oñati Irratia