Beratu jaialdia martxoaren 19tik 21era egingo da

2021/02/22
Card image cap
Euskal musikagintzaren topagune bihurtuko da laugarren urtez Oñati

  Martxoaren 19tik 21era bitartean ospatuko da Beratu jaialdia herriko eszenatoki ezberdinetan. Antolatzaileek iragarri dute parte hartuko duten zenbait musikariren izenak: Habia, Anna Andreu, Valls&Band, Aitor Etxebarria eta Verde Prato. Markak ikus-entzunezkoa ere programatu dute; iazko azaroan egin zen aurreko Beratu jaialdian iragarri zen baina musika zuzenean jarri behar zuen Aitor Etxebarriaren ezin etorriak emanaldia bertan behera uztea eragin zuen. Markak ikus-entzunezkoa martxoaren 19rako eta Aitor Etxebarriaren kontzertua 21rako iragarri dituzte entolatzaileek. Juan Valls oñatiarrak ere parte hartuko du laugarren Beratu jaialdian. Aurreko urteetako bidea jarraituz kontzertuak herriko hainbat tokitan izango dira: Santa Ana aretoan, Lazarragako lorategian edota Gaztetxean.

  Beratu jaialdiaren datak, lekuak eta artistak zehaztu dira Ane Agirre Bikuñak egin duen lehen kartelean. Sarrerak non eta noiz eskuratu, aurrerago jakinaraziko dute antolatzaileek.

  Beratu jaialdia Durangoko Azokako Ahotsenearekin elkarlanean abiarazi zen 2018an. Beratu jaialdia musika entzuteko esperientziaz gainera, Euskal Herriko musikaren topalekua izateko asmoz jaio zen, euskal musikaren nobedadeak eta korronte berriak ezagutzeko aukera eskaintzeko, antolatzaileen esanetan.

  2020ko jaialdia azarora atzeratu zela-eta aurtengoa martxoan, ohiko datatan, egingo ote zen zalantzan jarri zen. Baina martxoan mantentzea erabaki dute antolatzaileek eta halaxe zabaldu dute sare sozialen bidez. Udalari ere jakinarazi diote eta jaialdia ospatzeko baimena ez ezik, espazio ezberdinak eta hainbat udal material erabiltzeko baimena ere eskatu diote. Baimena eskuratu dute eta udalarekin zehaztutako hitzarmenaren arabera 12.000 euroko dirulaguntza jasoko dute jaialdia aurrera eramateko.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!