Benito Lertxundiren kontzertua izango da azaroaren 28an Zubikoa Kiroldegian

2015/10/29
Card image cap
Musikegunen programazioaren baitan antolatu den emanaldia da

  Oñatiko 37. Musikegunek egitarau berezia izango dute. Ohikoa den musika klasiko emanaldiak beste arte diziplinekin uztartuko dira.

  Azaroaren 8an izango den lehen kontzertua Iparragirre oroimenean izenburupean egingo da. Easo Abesbatzak abestuko du eta Kirmen Uribe idazleak hainbat poema errezitatuko ditu. Hurrengo astean, azaroaren 15ean, Santa Ana antzokia zine-areto klasiko bihurtuko da; Alfred Hitchcockek 1927an filmatu zuen Downhill filma mutua pantailaratuko da Javier Perez de Azpeitiak pianoz zuzenean laguntzen duen bitartean. Azaroaren 22ko kontzertua berriz, aurtengo egitarauko emanaldi klasikoa izango da. Trio Easo taldeak, Vivaldi eta Haendelen hainbat lan eskainiko dituzte.

  Emanaldi guzti hauek Santa Ana aretoan izango dira arratsaldeko 19.00tan. Sarrerak, 5 €tan egunean bertan Santa Anako takillan salduko dira.

  Oñatiko 37. Musikegunetako egitaraua osatuz eta aurten Ez dok amairu taldearen 50. urteurrena betetzen dela gogoan hartuta Benito Lertxundiren kontzertua programatu da.

  Lertxundik entzule asko erakarriko dituela jakinik, kontzertua, areto handiago batera aldatu da, Zubikoa kiroldegira hain zuzen ere. Gainontzeko emanaldiak domekan izango diren arren, hau larunbatean eta gaueko 22.00tan izango da. Sarrerak ere garestiago salduko dira, dagoeneko salgai daude. Joateko asmoa duenari gainera, aldez aurretik hartzea komeni zaio, merkeago eskuratuko baititu. Benito Lertxundiren kontzerturako sarrerak, egunean bertan    18 €tan salduko dira baina aurrez, 15 €tan salgai jarri dira, Txokolateixan eta http://bibe.me atarian. 

Benito Lertxundiren Oñatiko kontzertua Oroimenaren oraina 2015eko biraren baitan kokatzen da.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!