Oñatiko udala

"Belaunaldiak elkartuz, justizia globalerako" nazioarteko kongresua martxan da herriko areto ezberdinetan

2019/06/19
Card image cap
Mundu globalizatuak kontzeptualizazio eta irtenbide berriak eskatzen ditu eta halako askoren eztabaida Oñatin emango da ostiralera arte

  Hori da, Noe Cornegok, Oñatiko Lege Soziologia Institutuko zuzendari zientifikoak, Nazioarteko kongresuari hasiera ematerakoan esan duena. Santa Ana aretoan izan den sarrera ekitaldian, Lege Soziologia Institutuko zuzendari zientifikoarekin batera, nazioarteko kongresu honen antolakuntzan ere aritu den Research Committee for the Sociology of Law erakundeko ordezkariak eta Eusko Jaurlaritza, Foru Aldundia eta Oñatiko udaleko ordezkariek parte hartu dute. Izaro Elorza alkatearetzat, lehen ekitaldi publikoa izan da gaurkoa, eta hala adierazi du bere hitzaldiaren hasieran. Lege Soziologia Institutuak Oñati munduan jarri duela aitortu du alkateak, eta etorkizunean ere elkarlanean jarraitzeko asmoa azaldu du.

  Ostiral eguerdira arte luzatuko den nazioarteko kongresu honetan, aldi beran eta etengabe, lege soziologiaren esparruan dauden hainbat gai landuko dira saio eta paneletan. Tartean puri-purian dauden gaiak izango dira, hala nola lokalismoa eta populismoa, garapen sostengarria, gutxiengoen hizkuntza eskubideak, bazterketaren politika ekonomikoak, generoa, sexua eta intersekzioak, klinika juridikoak edota big data delakoa, besteak beste. Horretarako, kongresuko bilera eta saioak erdiguneko zenbait espaziotan egingo dira: Unibertsitate zaharrean bertan, udaletxean, Gipuzkoako Protokoloen Artxibo Historikoan, Pake Lekun eta Kultur Etxeko zine aretoan. Osoko batzarrak, goizeko inaugurazio ekitaldiaren antzera, Santa Ana antzokian egingo dira.

  Belaunaldiak elkartuz, justizia globalerako izenburua duen biltzarrak mundu zabaletik etorri diren 300 aditu batu ditu Oñatin. Unibertsitate Zaharrean egoitza duen institutuarentzat 30. urteurrena ospatzeko kongresua da gainera, 1989an sortu baitzen Eusko Jaurlaritzaren babespean.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!