Beira birziklatzeko kanpaina ibiltaria Oñatira iritsiko da bihar arratsaldean.

2012/01/26
Plazan kokatuko den karpan, beira birziklatzeari buruzko informazioa emango da eta hainbat jolas eta tailer egingo dira.

  Debagoieneko Mankomunitatearen ekimenez orain 15 egun martxan jarri zen informazio eta kontzienziazio kanpaina ibiltari berri hau Oñatira iritsiko da.

  Helburua, beira birziklatzeko zein prozesu ematen den argitu eta horrek dituen onurak jakinaraztea da. Gurean jasotzen den beiraren kopurua handitu eta honen kalitatea hobetzeko asmoz. Izan ere, egun edukiontzi berdean beira asko jasotzen bada ere, birziklatu ezin daitezkeen kristal eta portzelana zatiak ere botatzen dira. Eta horrek, ondorengo berreskuratze prozesua kaltetzen du.

  Edukiontzi berdeetan beirazko poteak, beirazko botilak eta beirazko flaskoak soilik bota behar direla erakutsi nahi da herririk herri dabilen kanpaina honetan. Alegia, portzelanak, zeramikak, bonbilak, fluoreszenteak, ispiluak, leihoetako kristalak edota edalontzi eta kopak ezin direla bertara bota.

  Guzti horren inguruko informazioa eman eta zalantzak argitzeko, plazan kokatuko den karpan (arratsaldeko 5etatik 8etara), gaian adituak diren bi dinamizatzaile egongo dira. Jendearen parte hartze aktiboa ere bilatuko da. Hartarako, tailer eta jolas batzuk gertatu dira.