Oñatiko udala

Basogintza Herrijorran saioak osatuz udalak bi hitzordu zehaztu ditu: herri mendietara irteera eta basogintzari buruzko azken eztabaida saioa.

2012/05/24
Card image cap

  Martxo-apirila bitartean egin ziren 3 hausnarketa saioen ondoren, ateratako ondorioak eta udalak egindako ekarpenak dokumentu batean jaso dira. Dokumentu hori, www.herrijorran.info atarian zintzilikatu da.

  Herri onurako basoen etorkizunari buruzko hausnarketa osatzeko, azken bi ekintza antolatu dira:
Domekan, herri mendietara irteera egingo da. Hitzordua, plazan goizeko 8:30tarako egin da. Bertaratzen direnak autoetan banatuko dira. Mendi buelta, arratsaldeko ordu bietarako amaitzeko asmoa dago.
Herri onurako basoak bertatik bertara ikusi ondoren, azken eztabaida saioa hilaren 30ean, asteazkenean egingo da. Aurrekoen antzera, udaletxeko pleno aretoan izango da arratsaldeko 7retan hasita.
Bertaratzeko asmoa dutenei, aurrez, orain arteko lanaren berri ematen duen dokumentua irakurtzea gomendatzen zaie, berau izango baita aztertuko dena.

  Dokumentuaren sarrerakoan, baso politikan azken 100-120 urteetan izan diren aldaketa nagusiak jasotzen dira. Baserriak indarra galtzerakoan, mendiak ikuspegi ekonomiko batetik ustiatzen hasi ziren. Hala, nagusiki, insignis pinuak sartu ziren, diru etekin onak lortuz. Egun ordea, baso ustiaketa eredu hori krisian dago.

  Azken urteetan, erakundeen aldetik basoarekiko ikuspegia aldatu egin da. Natura eta biodibertsitatearen kontserbazioari geroz eta garrantzia gehiago ematen zaio. Ondorioz, eta gure ingurura etorrita, hostozabalen basoen egitura, konposizio eta funtzio ekologikoa hobetzera zuzendutako irizpideak nagusitzen ari dira. Gipuzkoako Foru Aldundiak berak, lehen pinudiak zeuden tokietan gaur egun hostozabalak bultzatzen dihardu, bai arbol berriak landatuz edo bere kasa datozenak utziz.

  Udalak berak, Biodibertsitatean aldeko konpormisoa onartu zuenean, herri mendiek bete behar dituzten helburuak zehaztea eta horien araberako ekintzak planifikatzea onartu zuen. Iturrigorriko basoa, Euskadiko basoen artean eredugarri bihurtzeko konpromisoa ere hartu zuen.

 Helburu horiek betetzeko gutxieneko batzuk identifikatu dira: pista berririk ez zabaldu; oraingoz pinu gehiagorik ez sartu; bertako landaretza bultzatu; sarbide batzuk, Iturrigorrikoa kasu kontrolatu; bioaniztasunaren azterketa bultzatu eta su egurra ateratzerakoan, mendiak berak ematen duena soilik atera eta ez herritarren eskatzen duten adina.

  Aloña zearra, Araotz-Txirikillaleku, Artia eta Iturrigorri ingururako helburu nagusiak ere zehaztu dira.

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!