Oñatiko udala

Basoen ustiaketa, kontserbazioa eta gaitzak aztergai izango dira datorren astean egingo diren Baso Jardunaldietan

2016/12/07
Card image cap
Oñatiko eta Bergarako Udalek Fraisoro eskolarekin elkarlanean antolatu dituzte

  Jakina da Oñati Gipuzkoako udalerririk handiena dela, 10.731 hektarearekin. Horietatik 8.000 inguru basoek hartzen dute. 2000 hektarea jabetza publikoko herri mendiak dira eta gainontzekoak, gehiengo baten, jabetza pribatukoak. Jabe partikular horiei zuzenduta antolatu dira Baso jardunaldiak.

  Basoen kudeaketa asko aldatu da azken urteotan. Pinu landaketek ez dute garai bateko irabazirik ematen eta basoa garbi mantentzeko lanek egurra aterata lortu daitekeen irabazia baino kostu handiagoa dute. Belaunaldien arteko etena ere sortu da eta sektorea krisian dagoela entzuten da aspaldian. Baso jabeei argitasuna emate aldera, Oñatiko eta Bergarako Udalek, Fraisoro eskolarekin elkarlanean, Baso jardunaldiak antolatu dituzte abenduren 12, 14 eta 17rako. Jakintza esparru nahiz sentsibilitate ezberdineko adituak gonbidatu dira baso ustiaketaz, kontserbazioaz edo gaitzez berba egitera.

  Astelehenean Oñatin, Santa Ana aretoan izango diren hitzaldietan, baso kontzeptuaz, bertako basoaz, kontserbazioa barne hartzen duten plangintzez, gaitzez eta instituzioek dituzten laguntza lerroez berba egingo da. Horretarako, Basoa Fundazioa, Naturtzaindia, edota Gipuzkoako Foru Aldundiko adituak etorriko dira. Abenduaren 14an berriz, jardunaldiak Bergarako udaletxean izango dira eta baso ustiaketaz eta baso mixtoaz berba egingo da. Amaitzeko, gaiaren inguruko mahaingurua egingo da. Oñatin astelehenean nahiz Bergaran asteazkenean egingo diren jardunaldiak, 15:00tan hasi eta 19:00ak arte luzatuko dira. Abenduaren 17rako berriz, Lezesarrira eta Arrasateko Zaburdira irteera antolatu da. Baso jardunaldiak doan dira baina aurrez izena ematea eskatzen da. Horretarako, Fraisoro eskolara telefonoz deitu daiteke: 943 692166 zenbakira edo mezua bidali fpefraisoro@hazi.eus helbidera.

  Oñatiko Udalak, aurreko legealdian, herri onurako mendi publikoei begira hausnarketa prozesua egin zuen eta horren ondorioz, mendi publikoen kudeaketarako dekalogoa adostu zuen, bioaniztasuna eta kontserbazio irizpideak lehenetsiz. Orain, jabetza pribatuko basoen inguruan beste horrenbeste egiteko garaia dela esan du Mikel Biain alkateak. Hausnarketa prozesu horretan laguntzeko asmoz antolatu dira datorren astean Oñatin eta Bergaran egingo diren baso jardunaldiok. 

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!