Baserri ingurunean sortutako plastikoaren urteko bilketa egutegia zehaztu du Debagoieneko Landa Garapena Elkarteak

2017/01/10
Urtarrilaren 25ean egingo da lehenengoa

  Debagoieneko Landa Garapena Elkarteak orain 16 urte ekin zion baserri ingurunean sortutako plastikoa batzeari.
Urte sasoiaren arabera eta ganadua itoian dagoen edo zelaira bazkatzera ateratzen denaren arabera, baserri inguruetan plastiko gehiago edo gutxiago batzen da. Orain arte 8 bilketa-egun zehazten ziren baina 2017an 9 egitea erabaki da, zerbitzu erabiltzaileek beraiek eskatuta. Urrian, lehen aldiz, plastikoa batuko da.

  Ganadua barruan eta ondorioz, boletan gorde den belarraz bazkatzeko garaia den udazken-neguko hilabeteetan bilketa hilero egiten da. Hileroko bilketa horiek irailetik martxora bitartean egitea aurre ikusi da aurten lehen aldiz. Udaberri-uda garaian berriz, ganadua kanpoan, zelaian bazkatzen denez, bilketa bi hilean behin egiten da. Hori bai, bilketak, gehienetan,  zehaztutako hilaren laugarren asteartearen ondorengo goizean egiten dira. Araua, uztailean apurtuko da, laugarren asteartea Santiago eguna denez, astebetez aurreratzea erabaki da, uztailaren 18ra, alegia. Plastikoa, esan bezala, bilketa egunaren aurreko arratsaldean ateratzea eskatzen da. Eta zentzu horretan, bitxia izango da martxoa ere, bilketa birritan egingo baita, martxoari dagokiona eta otsailekoa. Izan ere, otsaileko laugarren asteartea hileko azkena izango denez, urteko bigarren bilketa martxoaren 1ean egingo baita. Horrela bada, 2017 urteko plastiko bilketen egutegia zehaztuta dago: Urtarrilaren 25ean, martxoaren 1 eta 29an, maiatzaren 24an, uztailaren  19an, irailaren 27an, urriaren 25ean,  azaroaren 29an eta abenduaren 27an egingo dira.

  Baina bilketa hauetan ez da belar boletako plastikoa bakarrik batzen. Baserrian pilatzen den negutegiko plastikoa eta bestelako plastiko hondakin guztiak jasotzen dira.  Garrantzitsua da plastikoa ahalik eta garbien ateratzea. Horregatik, landa garapena elkartetik, baserritarrei ahalegina egitea eskatzen zaie eta negutegietan edo ortuetan erabili den plastikoa ahalik eta lur gutxienarekin jaso eta ateratzea eskatzen da. Plastikoa inguruetan barreiatu ez dadin bestalde, lotuta ateratzea ere eskatzen da.

  2016an, 22.500 kg plastiko inguru batu ziren Debagoienean eta Gipuzkoan batutako gainontzekoarekin batera Azkoitira eraman zen bertako planta batean tratatu zezaten. 

Iturria: Oñati Irratia