Baserri bideak seinaleztatzen jarraitzen du udalak

2019/04/05
Card image cap
Olabarrieta, Zubillaga eta Garibai auzoetakoak falta dira eta Larrañan zuloak egin dituzte jada

  Urtetik urtera auzo ezberdinetan dauden baserrietarako seinaleak jartzeko plangintza betetzen ari da. 2014ko otsailean egin zen Auzo-alkateen Foroan erabaki zen herriko baserrietara ailegatzeko seinaleak jartzeko proiektua. Egitasmoa faseka egitea ere erabaki zen eta Araotz, Urrexola, Zañartu eta Arantzazu auzoetan hasi zen. Bigarren fasean Uribarri, Lezesarri, Berezao eta Murgian jarri ziren eta azkenak, Santxolopeztegi eta Torreauzon jarri dira. Larrañan zuloak eginda daude eta Garibain ere jartzekoak dira. Olabarrietan zenbait seinale non jarri erabakitzeke dago oraindik. Baserri seinaleak jartzeko egitasmo hau Zubillagan beteko da.

  Seinaleak jartzeko prozesua luzea da: auzo bakoitzeko baserrien zerrenda egin, seinaleak non jarri erabaki eta kokapen horren arabera, seinale bakoitzean azalduko diren baserriak zerrendatzen dira, distantzia kalkulatuz. Hori guztia auzotarrekin adosten da eta beti ez da xamurra izaten. Udalak aspaldi onartu zuen baserrien izendegi ofiziala eta jabeek, edota auzotarrek, erabiltzen duten izendapenen arteko ezberdintasunek tira-birak sortu izan dituzte. Bi aldeak ados jarrita, kartelak egiteko agindu eta gertu daudenean kokatzeko lanak elkarrekin osatzen dituzte udalak eta auzotarrek; hautatutako lekuan zuloak egiteaz udal langileak arduratzen dira eta seinalea jarri eta lotzeaz auzotarrak.

  Seinale hauek auzoak identifikatzeko aspaldi jarri ziren seinale orokor edo nagusiak osatzen dituzte, baserri multzoetara eta baserri bakarretara iristeko informazioa ematen baitute. Bidegurutzetan jarri ohi dira bidean aurrera eginda topatuko diren baserriak adieraziz.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!