Baserri bideak seinaleztatzen jarraituko du udalak

2017/09/15
Card image cap
Uribarri, Lezesarri, Berezao, Murgia eta Olabarrietako baserrietarako seinaleak jarriko dira aurten

  2014ko otsailean egin zen Auzo-alkateen Foroan erabaki zen herriko baserrietara ailegatzeko seinaleak jartzeko proiektua. Egitasmoa faseka egitea ere erabaki zen eta Araotz, Urrexola, Zañartu eta Arantzazu auzoetan hasi zen. Dagoeneko martxan den bigarren fasean Uribarri, Lezesarri, Berezao, Murgia eta Olabarrietako baserrietarako seinaleak jarriko dira.

  Seinaleak jarri aurreko prozesua luzea izaten da: auzo bakoitzeko baserrien zerrenda egiten da, seinaleak non jarri erabakitzen da eta kokapen horren arabera, seinale bakoitzean azalduko diren baserriak zerrendatzen dira, distantzia kalkulatuz. Hori guztia auzotarrekin adosten da eta beti ez da xamurra izaten. Udalak aspaldi onartu zuen baserrien izendegi ofiziala eta jabeek, edota auzotarrek, erabiltzen duten izendapenen arteko ezberdintasunek tira-birak sortu izan dituzte. Bi aldeak ados jarrita, kartelak egiteko agindua ematen da. Seinaleak gertu daudenean kokatzeko lanak elkarrekin egiten dituzte berriro udalak eta auzotarrek; hautatutako lekuan zuloak egiteaz udal langileak arduratzen dira eta seinalea jarri eta lotzeaz auzotarrak. Azken urratsa, porlana bota eta seinalea segurtatzea izaten da.

  Uribarri, Lezesarri, Berezao, Murgia eta Olabarrietan jarriko diren seinaleak egiteko informazioa San Migelen bueltan, udazken hasieran bidaliko da. Asmoa, neguan jartzea baita. Orain bi urte jarri ziren lehen seinaleen eredua jarraituko da.  Seinale hauek auzoak identifikatzeko aspaldi jarri ziren seinale orokor edo nagusiak osatzen dituzte, baserri multzoetara eta baserri bakarretara iristeko informazioa ematen baitute. Bidegurutzetan jarri ohi dira bidean aurrera eginda topatuko diren baserriak adieraziz.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!