Barrakak ostiralean iritsiko dira

2016/05/17
Korpus jaietan eta San Migel eta Errosariotan, hamar-hamaika kaseta eta aparatu kokatuko dira plaza ondoko jolaslekuan

  Herriko bi jai-garai nagusitan etorriko diren barrakak zehazteko, lurzoru publikoa okupatzeko lehiaketa deialdi irekia egin du aurten ere Udalak. Hartarako jarri zen epean, 22 eskaera jaso ziren baina bat prozesutik kanpo utzi da 2014ko San Migel jaien ondorengo borroka eta liskarretan parte hartzeagatik. Beste 21 eskaintzak aztertuta, plazaren neurriak, herritarren eskaerak eta adin ezberdinen arteko oreka mantentzea eta noski, aparagailuen neurriak kontutan hartu dira eta jasotako diru eskaintza eta antzinatasuna baloratuta, Korpusetan eta San Migel eta Errosarixotan, hamar-hamaika kaseta eta aparatu kokatzea erabaki da. Batetik bestera, aldaketa txikiren bat egon liteke, baina orokorrean, txurreria, kaseta ezberdinak eta haur nahiz gazteentzako aparatu mekanikoak tartekatuko dira.

  Lehen barrakak ostiralean iritsiko dira plaza ondoko jolasgunera. Aurretik, asteazkenetan iristen ziren baina sarrera pare bat egunez atzeratuta gunearen eguneroko erabilera bermatu nahi da. Udalak zehaztu dituen daten arabera, Korpus jaietan, barrakak maiatzaren 20tik 29ra izango dira eta San Migel eta Errosarixotan berriz, irailaren 23tik urriaren 4ra. 

  Korpusetan eta baita San Migeletan ere, txartelak euro batean salduko diren egun bana finkatu da. Lehena, zapatua, maiatzaren 21a izango da eta bigarrena, irailaren 24an. Gainerako egunetan, bidaia txartelaren prezioa euro eta 80 xentimo izango da eta 6 bidaien bonoa berriz, 10 euro. Bidaien gutxieneko iraupena ere mugatu da eta 2 minutu izan beharko da.

  Barrakak plaza ondoko jolaslekuan dauden bitartean, ferialarien karabana eta atoiak Garagaltza auzoko ULMA alboko aparkaleku publikoan utzi beharko dira.

  Barrakak jartzeko lizitazio publikoa erabakita, Udalak, 8.000 euro pasatxo jasoko ditu lur okupazio kontzeptuan. Gainera, ferialari bakoitzak, 350 euroko fidantza ordaindu beharko du.

Iturria: Oñati Irratia