Azterketaldia astean amaituko dute igeltsero ofizial lanposturako hautagaiek

2021/01/18
Card image cap
Euskara azterketa izango du batek bihar eta guztiek azterketa praktikoa ostegunean

  Udalak bete asmo duen igeltsero ofizial lanposturako hautaketa prozesua egun gutxiren bueltan amaituko da. Hiru hautagai dira orain arteko azterketak gainditu dituztenak eta hirurentzat azken ariketa azterketa praktikoa izango da, ostegunean. Udal brigadak erabiltzen duen San Pedroko biltegian izango da azterketa, hilaren 21ean, 9:00tan hasita. Hautagaiek lanerako arropa erosoa eta musukoa eraman beharko dituzte.

  Aurrez, dena den, azterketaldian dirauen hautagaietako batek euskara azterketa egin beharko du bihar bertan. Igeltsero ofizial lanposturako  bigarren Hizkuntza Eskakizunaren pareko euskara ezagutza eskatzen zen eta hori agiri bidez egiaztatu ez duen hautagai horrek IVAPek jarritako azterketa egin beharko du bihar Donostian. Biharkoa idatzizko proba izango da, gaindituz gero, ahozkoa egin beharko du.

  Udal brigadan arituko den igeltsero ofizial lanpostua oposizio-lehiaketa bidez betetzen ari da. Oposizio edo azterketaldia astean amaituko da eta lehiaketa fasea berriz, osatu zen. Prozesuan dirauten hiru hautagaiek agiri bidez egiaztatutako lan esperientzia, formazio osagarria eta C motako gida baimena izatea baloratu zen abendu erdialdean.

  Udalak kontratatuko duen igeltsero ofizialaren ardura nagusia, udal eraikinetan eta kale plazetan konponketa eta mantentze lanak egitea izango da. Hala, kale eta plazetan, baldosak, zintarriak, galtzadarriak edota asfaltoa aldatzeko lanak egin beharko ditu, udal eraikinak kontserbatu eta mantentzeko lanetan ere jardun beharko du eta hiri altzariak, eserlekuak, oztopo zutoinak edo trafiko seinaleak jarri beharko ditu. Igeltserotzari zuzenean ez dagokion arren, udaleko lan taldeak egin ohi dituen garbiketa lanetan edota jaietako eszenatokian muntatu eta jasotzeko lanetan ere jardun beharko du, besteak beste.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!